Peña nagusitu zaio Eizmendiri Larraulen

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 5a

Aizarnazabalgo harrijasotzaileak 45 jasoaldi lortu zituen atzo Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldian. Zarauztarrak 41 egin zituen.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo eguerdian Larraulen, eta bertan lehiatu ziren Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra. Hasiera batean Telleria zen Peñaren aurka aritzekoa, baina lesio batek txapelketatik kanpoan utzi eta azken unean Eizmendik ordezkatu zuen.

Buruz buruzkoan Peña nagusitu zen 45 jasoaldirekin; zarauztarrak lau jasoaldi gutxiago egin zituen. Guztira, hiru lan egin behar izan zituzten: 125 kiloko zilindrikoarekin, 125 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin, harri bakoitzarekin bi minutuko denboran.

Peñak 17 jasoaldi lortu zituen zilindrikoarekin, 13 kubikoarekin eta 15 bolarekin; guztira, 45 jasoaldi lortuta. Eizmendik, bere aldetik, ongi ekin zion lanari, 17 jasoaldi ginez zilindrikoari, 14 kubikoari, baina bolarekin ez zuen asmatu, eta 10 jasoaldi baino ez zituen lortu. Ondorioz, 41 altxaldirekin, bigarren postuan geratu zen.

Argazkiak: Ibon Errazu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide