Orioko emakumezkoek Coruñako bandera irabazteko aurrerapausoa eman dute

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 4a

Gizonezkoetan, Hondarribiak irabazi du lehen jardunaldia, eta Santurtzi bi segundo eskasera geratu zaio. Orio 16 segundora sailkatu da, laugarren postuan. Zarautzek, berriz, hamaikagarren bukatu du.

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldian; gaurko eta biharko estropadak hartuko dira kontuan bandera eskuratzeko. Emakumezkoei dagokienez, ezustekorik ez da izan. Iazko joerari jarraituz, oriotarrak izan dira nagusi estreinako lehian. Gizonezkoetan, aldiz, lehiakide zuzenak agertu zaizkio aurten Orio azken txapeldunari –Hondarribia eta Santurtzi–, eta gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Zarautzek, bere aldetik, lan polita egin du maila eusteko bere bidean, nahiz eta hamaikagarren bukatu duen.

Orioko emakumezkoak irteera ona egin ez badute ere, segituan zuzendu dute norabidea eta berehala jarri dira buruan. Ziaboga Donostiarrarekiko lau segundoko aldearekin egin dute, eta itzulerako luzean denbora tarte horri eutsiz helmugaratu dira, 11:12,80koarekin. Bigarren Donostiarra izan da 4,62 segundora, hirugarren Hondarribia 18 segundora eta Donostia Arraun laugarren 23 segundora. Beraz, denboraldiko lehen bandera lortzeko aurrerapauso handia eman dute gaurkoan Orioko neskek.

Gizonezkoetan lehia polita aurreikusten da aurtengo ligan. Hondarribia izan da garaile, 20:11,80 denborarekin, hirugarren txandan nagusitu ondoren. Santurtzik bigarren txandan eginiko denbora 1,90 segundoan hobetu du. Ondorioz, aparteko ustekaberik ezean, Coruñako banderaren lehia buruz burukoa izango da, hirugarren sailkatutako Urdaibai eta laugarren geratu den Orio 16 segundora geratu baitira. Oriok lehen txandan jokatu du estropada, eta lan txukuna egin duen arren, ez du ongi biribildu azken luzean, eta horrek baldintzatu dio gaurko jardunaldia (20:28,18).

Bigarren txandan lehiatu da Zarautz. Gogotsu ekin dio, Santurtzik jaun eta jabe agindu duen estropadan. Hala ere, Cabo eta Lekittarrarekin parez pare aritzeko moduan aritu da ia denbora osoa; azken ziabogan, gainera, Lekittarra baino bi segundo aurretik zegoen kokatuta, hirugarren postuan. Edonola ere, azken luzean asko sufritu du, eta azkenean ezin izan dio eutsi, txandako azken postuan bukatuta (20:51,04). Sailkapen orokorrean 11. postuan geratu bada ere, segundo gutxiren bueltan talde dezente daude Enbataren inguruan: Ondarroa, Ares, Zierbana, Lekittarra eta Cabo. Gaur pauso bat atzerago, eta azken postuan, Kaiku sailkatu da.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide