Kultur hastapena, opil askapena

Aritz Mutiozabal 2020ko uztailaren 1a

Udako kultur ekitaldiekin hasiko dira egunotan Zarautzen, ‘Anarkia relacional’ antzezlanarekin eta dantza garaikideko hiru piezarekin; Modelo aretoan eta Munoan izango dira ikusgai, doan.

Kalerki Zarauzko kale antzerki topaketa bertan behera geratu da, beste hainbat kultur egitasmo eta jaialdi bezalaxe.  Edonola ere, udalak topaketarako programatutako formatu ertain eta txikiko euskal ekoizpenak udako ekitadiko egitarauan txertatu ditu, eta egitarau hori aste honetan bertan jarriko dute abian: bihar, Anarkia relacional  helduentzako antzerkia ikusteko parada izango da Modelo aretoan, eta etzi, dantza garaikideko hiru pieza Munoa plazan.

Mila Espiga eta Belen Cruz aktoreak beste garai bateko bi emakumeren larruan jarriko dira Anarkia relacional  antzezlanean. Tradiziozko eta betiko opilak egiten dituzte; artisau-opilgintzan adituak dira, bollogileak baitira. Puro Bollo Jaialdira gonbidatuko dituzte, eta nahiz eta adinez nagusi izan, LGTBIQ+ giroan eroso sentituko dira. Bi emanaldi eskainiko dituzte, biak ala biak gaztelaniaz; bata, 18:00etan izango da, eta bestea, 20:00etan.  Dohainik izango dira, eta sarrerak bihar bertan banatuko dituzte Modeloko leihatilan 17:00etatik 20:00era;  pertsonako lau sarrera hartu daitezke gehienez ere.


Hiru dantza batean

Dantza garaikideak hartuko du Munoa plaza ostiral arratsaldean. Bakoitzak ordu laurdeneko iraupena duen hiru pieza eskainiko dituzte, 20:00etatik aurrera: Amaia Elizaranek Pool, Myriam Perez Cazabonek Nere azalean arrotz, eta Lasala taldeak, berriz, Fight.
Xabier Zeberioren musikaren erritmora mugituko da Elizaran Pool proposamenean. «Giza gorputzaren % 70 ura da», dio koreografo eta dantzariak. Hala, «gure inguruneak baldintzatzen gaituen gizabanakoak gara, baina, aldi berean, badugu horri kontra egiteko eta bizirauteko beste moduak ikertzeko gaitasunik ere». 

Leire Otamendi eta Oihana Vesgarekin batera aurkeztuko du Perez Cazabonek Nere azalean arrotz. Presentziaren kontzeptuarekin lotuta, «izan gabe egotearen» ideian oinarritzen da dantza honen pieza. Lasalaren Fight lanak borroka du ardatz. Gizakiak borrokarekin duen harremana primitiboa dela diote taldeko kideek. Oro har, bizitzako, eta zehazki, dantzako funtsezko elementu gisa ikusten dute.

Udako ekitaldietarako Munoan itxitura jarriko dute, sarrera eta irteera banarekin, edukiera kontrolatzeko. Udalak egin dituen kalkuluen arabera, 350 lagun inguru sartuko lirateke zabalgunean, betiere segurtasun distantziak errespetatuz. Emanaldi hauek ere doan dira, eta sarrerak bi ordu lehenago jarriko dituzte eskuragai Modelon. Oholtza hilaren 5erako muntatuko dute, Hika Teatroaren Tonbola antzezlanerako. Beraz, dantza bere horretan eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide