Bihar irekiko dute Zarauzko Modelo aretoa %60ko aforoarekin

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 18a

Saio guztiak zenbakituak izango dira, eta norbanako zein taldetxoetan eseri ahal izango da, betiere segurtasun distantziak bermatuz. Areto barruan mugitzeko derrigorrezkoa izango da maskara, eta ibilbideak markatu dituzte erabiltzaileak elkar gurutzatu ez daitezen.

"Kalitatezko kultur zerbitzu bat berriz eskaintzeko asmoz zabaltzen dugu, egoerak behartzen dituen osasun eta segurtasun neurriak beteta eta ikusleen erosotasuna kontutan hartuta". Kultura zinegotzi Irune Urbietak zehatza izan da Modelo aretoaren irekieraren iragarpenean. Hiru hilabeteko etenaren ondoren, bihar irekiko ditu berriro ere ateak eta ekingo dio bere jarduerari asteburuko zinema eskaintzarekin. Aurki, bestelako kultur diziplinak zein ekintzak martxan jartzea espero dute.

Une honetan, zinema eta antzokien aforoa %60ra dago mugatuta, eta eserlekuak aurrez egokitu behar zaizkie erabiltzaileei. Modelo aretoak 433 eserleku ditu, eta %60ko aforoarekin irekiko dute. Saio guztiak zenbakituak izango dira, eta eserlekuetan banaka zein 2-6 pertsonako taldeetan esertzeko aukera izango da; norbanako zein taldeen arteko urruntzeak osasun-segurtasuna bermatuko du. Era berean, komunetara sartzeko jende kopurua mugatu egingo dute segurtasun distantzia mantentzeko. Aforoa araudien aldaketetara moldatuko da.

Leihatilako ilaran segurtasun distantzia mantentzeko eskatzen zaie herritarrei, eta sarrera txartelarekin ordaintzea gomendatzen dute. Edonola ere, udalak online salmenta sustatu nahi du. Areto barruan, ibilbideak markatu dituzte patioan eta anfiteatroan pertsonak elkar ez gurutzatzeko. Beharrezkoa izanez gero, adierazi dute irteera mailakatuak egingo dituztela eta larrialdietako atea erabiliko dutela, betiere ikusle kopuruaren arabera.

Segurtasun neurriak

Egungo araudiaren arabera, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzen ez bada. Elkarren arteko distantzia bi metrokoa da, baina hurrengo fasean 1,5 metroko izango da. Hala ere, areto barruan mugitzeko maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, hala nola, komunera joateko eta espazio komunetan ibiltzeko.

Gainera, sarreran eta aretoko beste hainbat puntutan gel hidroalkoholikoak jarriko dituzte jendeak eskuak garbitu ditzan. Hartu beharreko neurriak jasotzen dituzten kartelak jarriko dituzte, eta saio bakoitzaren aurretik neurriei buruzko azalpen-bideoa emango dute.

Aurrerantzean zine saioen arteko tartea handiagoa izango da desinfekzio lanak burutzeko. Saio bakoitzaren aurretik makina lainoztagailuarekin desinfektatuko da aretoa, eserleku guztiak eta aretoko beste hainbat elementu barne. Arduraz jokatzeko eskatu dio udalak publikoari, emandako irizpideak betetzeko eta aretoa garbi mantentzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide