Pixkanaka bada ere, eskualdeko jatetxeak hasi dira ateak zabaltzen. Taberna eta jatetxe gehienak martxan daude, eta normaltasunera itzultzeko irrikaz. COVID-19 pandemiaren ondorioz azken hilabeteak gogorrak izan dira, baina datorren astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria, eta Getaria, Orio nahiz Zarauzko jatetxeetako arduradunak horren esperoan daude. Horietako batzuk dira Giroa tabernako Axut Etxegoien, Xixario jatetxeko Luixmari Uranga eta Gure Txokoa jatetxeko Elena Aizpurua.