Surf eskolak laster dira martxan, ia hiru hilabeteko etenaren ondoren

Iñigo Gaiton 2020ko ekainaren 5a

Zarauzko Udalak ez die kobratuko udako 3.000 euroko kanona lehen kategorian sartzen diren eskolei, pandemiak eragindako kalte ekonomikoak leuntzen laguntzeko.

Negua pasatakoan hasi ohi da Zarauzko surf eskoletan mugimendua; normalean, Aste Santutik eta udazkenera arteko hilabeteetan izaten dute lan gehien. Aurten, ordea, martxa hastera zihoanean geratu egin behar izan zuten, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Hori dela eta, hasiberrien kortxozko surf taula handiak lehorrean eduki behar izan dituzte, ia hiru hilabetez.

Zarauzko Turismo Bulegoaren webgunean zortzi eskola daude zerrendatuta. Pandemiak guztiengan izan du eragina, eta ia denek galdu dute udaberrian urteko diru-sarrera orokorren kopuru esanguratsua. Jasandako kolpe ekonomikoa leuntzen laguntzeko, Zarauzko Udalak ez die kobratuko udan lan egiteagatik ordaindu behar izaten duten 3.000 euroko kanona lehen kategorian sartzen diren surf eskolei.

Galera udaberrian

Moor Surf Eskolako bi bazkideetako bat da Eneko Alberdi. Azken asteak malekoian duten lokalean berrikuntzak egiteko baliatu dituztela adierazi du: «Ohartzerako hamar urte bete dira eskola martxan jarri genuenetik, eta instalakuntzetan aldaketa batzuk egiten ibili gara egunotan». Udaberrian ikastetxeekin lan asko egiten dute Moor-en, eta alarma egoeraren ondorioz, bertan behera laga behar izan dituzte eskola guzti horiek: «Apirila, maiatza eta ekainean ia egunero ikastetxeren bateko haurren bisita izaten dugu; batzuetan hiru edo lau eskoletakoak ere etortzen dira egun berean», azaldu du. Moor ia urte guztian zabalik izaten dutela eta, udaberriko lana galtzearen ondorioak leunagoak izango dira haientzat. «Urteko hamabi hilabeteetan izaten dugu mugimendua, gehiago edo gutxiago, eta udara ohi baino larriago iritsiko bagara ere, urtea airoso bukatzea espero dugu», dio surf irakasleak.

Protokoloa prest

Azken asteak udari begirako protokoloak zehazteko ere baliatu dituzte: «Gure esku dagoen guztia egiten saiatu gara, Donostiako eta Bizkaiko hiruzpalau eskolekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzarekin ere izan dugu harremana. Prestatu dugun proposamenean zehazten da, adibidez, ikasle ratioak jaistea, aldagelak ez erabiltzea eta neoprenozko jantziak desinfektatzea erabilera bakoitzaren ondoren».

Herriko gainontzeko eskolek protokola berena egitea espero du Alberdik: «Proposatzen ditugun osasun neurriak aplikatzen dituztenek ohi baino diru gutxiago irabaziko dute, logikoa denez, baina erantzukizunez jokatzera behartuta gaude, gizarteak bizi duen egoeragatik. Gauzak ondo egin behar ditugu».

Alberdiren esanetan, zuhur jokatu dute protokoloak zehazterako orduan, eta agintariek proposamena onartuko dutela uste du. «Dena den, oraindik ez dugu informazio zehatzik, eta gerta liteke udaletik bestelako arau edo aginduren bat jartzea datozen egunetan, baina ez dugu halako ezustekorik espero», azaldu du.

Bestalde, itsasoko eremuen banaketari dagokionez, beste urteetako antolaketa bera mantenduko dutela eman diote aditzera Alberdiri: «Surf eskolentzat hondartzako sei gune bideratzen dira, eta bakoitzak orduko ikasle kopuru jakin bat sartu dezake eremu horietan. Jakin dudanaren arabera, hori ez omen da aldatuko».

Aurreikusten duenaren arabera, ekaina erdialdean irekiko ditu ateak Moor Surf Eskolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide