Ibilgailuak zein autoen salmentak, geldirik

Aritz Mutiozabal - Anartz Izagirre 2020ko ekainaren 4a

Hitzak eskualdeko hainbat kontzesionariorekin hitz egin du, beraien egoeraren berri jakiteko.

Azken hilabeteotan errepideak eta autobideak hutsik ikusi dira, eta ibilgailuak garajeetan edo aparkalekuetan geldirik izan dituzte herritarrek. Hirietako eta herrietako airearen kalitatea hobetzearen txanponaren beste aldean, ordea, autoen salmenta dago. Izan ere, apirilean %95,2 jaitsi zen Hego Euskal Herrian auto berrien salmenta iazko datuekin alderatuta, eta guztira, 90 auto matrikulatu zituzten hil horretan, iaz hilabete berean baino 4.147 gutxiago. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak bultzada bat eman nahi dio autogintzari, euskal industriaren motor nagusia baita. Besteak beste, kopuru handiagoak emango dizkie Jaurlaritzak auto berria erosten dutenei. Horrela, gasolinazko eta gasoliozko auto bat erosten dutenek bi mila euro jaso ahal izango dituzte orain, iazko bikoitza.

Zarauzko Ford Aginagako jabe Mikel Aginagak dio orain arte geldirik egon direla, baina hemendik aurrerakoak gorakako joera izango duela. Edonola ere, jakin badaki une honetan jendea ez dagoela auto bat erostean pentsatzen, salbuespenak salbuespen. «Mugimendu gutxi dabil oraindik», nabarmendu du. «Gainera, orain protokoloak ditugu ezarrita, eta ezin dugu besterik gabe atea ireki eta jendeari sartzen utzi. Guretzako ere endredo handia da bezeroekin egotea. Erakusten dugun auto bakoitzeko desinfektatzen eta dena garbitzen ibili behar dugu. Hori egin beharra daukagu, beste erremediorik ez baitago».

Hasiera ona
Herri bereko Altuna Autoak, aldiz, lanez leporaino ibili da zabaldu eta lehen bi asteetan, salmentei dagokienez. Orain, berriz, pixka bat lasaitzen doala gauza azaldu du kontzesionarioko komertziala den Mario Malagonek. «Pentsatzen dut aldez aurretik autoz aldatzeko beharra edo interesa zuten bezeroak izango zirela».

Aitzitik, kontrakorik ere izan dute. Bezero batzuekin harremanetan zeuden pandemia hasi aurretik, eta atzera lanera itzuli direnean, horietako zenbaitzuk esan diote Eusko Jaurlaritzak laguntzaren bat emango zain geratuko direla autoa erosi baino lehen.

Auto salmenten jaitsierak bete-betean harrapatu du Azpeitiko Aiertza Autoak kontzesionarioa ere, eta guztia «geldituta» egon dela azaldu du bertako arduradun Ignacio Aiertzak: «Auto berrien salmenta guztiz gelditu da, eta lehen gaizki bazegoen kontua, orain are okerrago dago». Aiertzak dio kotxe berrien salmentak egin duela gehien beherantz martxotik hona: «Auto berriak ez dira saldu, baina bigarren eskukoek nahiko ondo eutsi diote merkatuari».

Itxialdia gorabehera, Aiertza Autoak kontzesionarioko langileek tailerra irekita izan dute hilabete hauetan, eta lan gutxi izan arren, langileen erdiek jardunari eutsi diotela azaldu du bertako arduradunak. Osasun eta segurtasun neurriei dagokienez, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Citroenek jarraitu beharreko protokoloa bidali zieten eta, ordutik, kutsatzea saihesteko horiek gomendatutako neurriak zorrotz ezartzen dabiltzala azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide