Zenbat buru, hainbat aburu

Onintza Lete Arrieta 2020ko mai. 31a, 12:28

TKEko hamabi arraun klubek bilera luzea eduki zuten atzo erabakitzeko noiz eta nola jokatuko diren aurten Eusko Label eta Euskotren ligak. Bileraren balorazioa eskatu zien atzo iluntzean HITZAk ZAEko eta OAEko presidente Jon Artolari eta Iosu Esnaolari, eta oro har bilerak emandakoarekin gustura baziren ere, Artolak osasun protokoloaz adostutakoa kritikatu zuen.

TKE Traineru Kluben Elkarteko hamabi klubek zortzi orduko bilera egin zuten atzo, eta araudia mantenduta, hemezortzi jardunaldiko denboraldia adostu zuten Eusko Label eta Euskotren ligentzat. Hala, beste urteetan bezala mailaz jaitsierak eta igoerak egongo dira, eta dena ondo bidean, uztailaren 4an hasiko dira ligak. Bileran adostutakoarekin gustura ziren atzo Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea eta Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko presidentea, baina azken hori kritiko agertu zen osasun protokoloaz TKEko klubek bozketa bidez erabakitakoarekin; alegia, ez egitea astero koronabirusaren probak (hasieran esan zen bezala), eta klubetako medikuen esku uztea ardura hori.

IOSU ESNAOLA (OAEko presidentea)

"Bilera luzea izan da, baina ondo joan da, oso balorazio ona egiten dugu, gauza batzuk erabateko adostasunarekin onartu direlako. Garrantzitsuena zen arraunlarien segurtasuna bermatzea, eta ondoren, estropadentzako datak egotea, eta ziurtatu dugu hemezortzi estropadatako liga izatea. Hortik aurrera, pandemiak esango digu noiz hasi eta noiz ez, eta horren arabera erabaki batzuk edo beste batzuk hartu beharko dira".

Denboraldia balekoa izateko gutxienez hamabi estropada jokatu beharko dituzte, eta igoerak eta jaitsierak mantendu egingo dira, araudian aldaketarik egitea ez zutelako onartu atzoko bileran. "KAEkoek igo nahi badute, faseak jokatzeko baldintza izango da estropaden %75 jokatzea, eta hori kalkulatuko da azken lau urteetako denboraldietako estropada kopuruaren batezbestekoa aterata. Batezbestekoa hamasei da, eta beraz, hamabi estropada jokatu beharko lituzkete gutxienez". Esnaolak esan zuen klub guztiak gustura gelditu zirela erabaki horrekin.

Emaitzak, zorteari lotuta

Aurtengo helburuei buruz galdetuta, Esnaolak esan zuen helburua beti dela ahalik gorenen ibiltzea, baina aurten uste du egoerak baldintzatuko dituela emaitzak. "Ez dakigu astebururen batean koronabirusa ager daitekeen eta horrek taldea gutxiagorekin utz dezakeen lau-sei estropadetarako. Zorteak asko baldintzatuko du, eta baita Arraunetxetik kanpo gertatzen denak ere. Hemen barruan arduraren %100 geure gain hartzen dugu, baina hortik kanpora ezin da neurtu. Arraunlari eta tekniko bakoitzari eskatuko diogu arduratsuak izateko, denontzat komenigarria delako eta emaitzak asko baldintza ditzaketelako".

Zaleei dagokienez, oraindik ez dakite estropadak bertatik bertara ikusteko aukera egongo den, ala nork bere etxetik jarraitu beharko dituen jardunaldi batzuk, eta beste batzuk eremuan bertan.

Haientzat bestelako mezua badu, ordea, Esnaolak: "Gu klubarentzat onena egiten ahalegintzen ari gara, eta zaleei eskatuko nieke gugan konfiantza izateko".

Proba serologikoak, astero ez

Martxora arte aurreikusita ez bazuten ere, aurtengo denboraldiko aurrekontuetan tartea egin behar izan diote arraun klubek koronabirusa atzemateko proba edo testen gastuei. Hain justu, atzo goizean egin zituzten aurreneko test serologikoak Arraunetxen; 85 pertsonari, zehazki. Arraunlariei ez ezik, klubeko zuzendaritzako eta inguruko hainbat laguntzaileri ere egin zizkieten probak, eta pare bat egun barru jasoko dituzte emaitzak.

Esnaolak azaldu zuen Orioko klubarentzat garrantzitsua dela segurtasuna bermatzea, eta inor kutsatzeko arriskuak saihestea. "Klub askok ez dute honelako azpiegitura, baina guk bai, eta dena txukun eta ondo jorratu nahi genuen, eta horregatik egin dugu horrenbeste jendek proba". Hurrengo aldietan ez dakite zenbatek egin beharko dituzten probak, oraindik ez dutelako hori zehaztu KAE ligetan. "Guk arraunlariei bakarrik egin nahi genieke, baina oso zaila ikusten dugu, haiekin harreman zuzena dugulako jende askok eta Orioren ezaugarri bat eta aberastasun bat ere badelako inguruan dugun jendea. Kostuan gainkarga bat dugu, beste inork baino aurrekontu handiagoa erabili beharko dugulako COVID-19 gaitzari dagokionez, baina bestetik zorte handia dugu, horrenbeste laguntzaile edukitzeagatik".

Esnaolak ez du esan dirutan zenbat kostako zaion klubari testak egitea, aldaketak egon direlako protokoloan: "Orain arte adostuta zegoen testak astero egitea, baina hori atzera bota da bileran, eta beste neurri batzuk hartu beharko ditugu: sintomen arabera medikuak dioena jarraituz, momenturen batean PCR probak eginda agian, baina kendu dugu behintzat baldintza hori. Izan ere, klubetako medikuek eta TKEko asesore Juanjo Badiolak esan dute ez dela beharrezkoa hori guztia egitea, ikusita aurrekontuetan zer eragin duten proba horiek denak egiteak".

Dena ondo bidean, ekainaren 8an hasiko dira uretan taldean entrenatzen arraunlariak, egun horretan arinaldiko hirugarren fasean sartuko direlako TKEn eta KAEn aritzen diren kluben lurraldeak. Hala, uztailaren 4an hasiko lirateke Eusko Label eta Euskotren ligak. Atzeratu beharko balitz, berriz, bi astez itxaron beharko litzateke, eta uztailaren 11n ekingo liokete ligei.

JON ARTOLA (ZAEko presidentea)

"Hartutako erabakiekin ados" dago Artola, baina ez protokoloei buruzkoekin. "Protokoloa onartu egin zen, bozketaz, baina gu ez gaude ados azkena aurkeztutako bertsioarekin. Aurrekoa, hau da, asteroko testak barneratzen zituena,  nahi genuen". Horretarako hiru arrazoi ikusten dituzte zarauztarrek: "Batetik, hasieratik adostu genuen protokolo zorrotza behar genuela, eta halakoa aurkeztu genuen. Hori izan da azken bi hilabeteetan gure diskurtsoaren oinarria; bestetik, kontrolak ziurtatu beharko lirateke, txapelketako elkarte denok baldintza beretan parte hartzen dugula bermatzeko; azkenik, pertsonen osasuna ahalik eta zorrotzen zaintzeko beharrezkoa iruditzen zaigu".

Bestalde, zarauztarrek eskatua zuten aurtengo denboraldian igoerarik eta jaitsierarik ez egotea, baina proposamenak ez zuen nahikoa boto jaso bozkatu ahal izateko, eta ezerezean gelditu zen azkenean. Lau taldek egin zuten proposamena: zarauztarrek, Kaikuk, Isuntzak eta Aresek. Kontuak kontu, Artolak azpimarratu zion HITZAri gai horri "duena baino inportantzia handiagoa" eman zaiola: "Badirudi guri hori bakarrik axola zaigula, baina ez da hala. Bi aste daramagu esaten zeukana baino garrantzia handiagoa ematen ari zitzaiola gaiari eta proposatu genuela uste genuelako justuena zela. Badirudi gure kezka bakarra hori dela, baina ezta gutxiago ere! Zorionez, bestelako kezka batzuk ditugu".

Proposamen gehiago ere egon zirela esan zuen, baina denak bertan behera gelditu zirela. Alegia, araudia bere horretan mantenduko dutela aurten Eusko Label eta Euskotren ligek. Adostu dutena da hemezortzi estropadako liga izatea, eta denboraldia balekoa izateko, gutxienez hamabi estropada puntuagarri jokatzea. Ligaren hasiera uztailaren 4an izango da, baldin eta taldeko entrenamenduak ekainaren 8an hasten badituzte klub guztiek. Hori, koronabirusaren bilakaerari lotuta dago, eta arinaldiko hirugarren fasean sartzeari. Teorian, ekainaren 8an sartuko dira fase horretan Hego Euskal Herria, eta baita Galizia ere. Baina ikusteko dago oraindik. Bestela, uztailaren 11n hasiko litzateke Eusko Label liga, eta baita Euskotren ere.

Igoera eta jaitsiera faseak jokatu ahal izateko gutxieneko estropada kopuru hori jokatu beharko da: hamabi Eusko Label ligari dagokionez, eta beste horrenbeste KAE1en.

Proba serologikoak aurreko astean eginda

ZAEkoek aurreko larunbatean egin zuten lehendabiziko proba serologikoa. Denek negatibo eman zuten. TKE ligan izena emanda dauden arraunlari guztiek eta TKE ligaren bueltan ibiliko diren klubeko batzordeko kideek egin zuten proba. Hasiera batean, esan zen denboraldia abiatzen zenean klubek astero egin beharko zituztela probak. Baina hori malgutu egin dute, eta bestelako babes neurriak hartuko dituzte. Orain egin dituzte probak, eta denboraldia hasterakoan egingo dituzte berriz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide