Maiatzaren 20an, herenegun, ehun urte bete zituen Bombas Itur enpresak. Manuel Aranzabal Iturzaetak sortu zuen 1920an, Getarian, eta hasieratik aitzindaria izan zen Espainiako ponpaketa ekoizpenean eta ekipoetan. Hamarkada bat geroagoa, Zarautzera lekualdatu zuten enpresa, eta, batez ere, ontzigintzara bideratutako produktu gama bat garatzen hasi zen. Egun ere Zarautzen jarraitzen du, eta mende batek askorako ematen duen arren, garai bakoitzera egokitzen jakin izan du Iturrek. Orain, pandemia baten erdian ospatzea tokatu zaie mendeurrena, baina begiak aurrera begira jarrita dituzte.
Hain zuzen ere, enpresaren lehen hamarkadetako garapenaren ondoren bezala. 1966an ekoizpen zentro berri bat eraiki zuten. Hala, Aranzabal familiak produktu berriak garatu zituen industria, energia, eraikuntza eta ur-kudeaketarako, eta, aldi berean, nazioarteko itsas merkatuan zuen presentzia indartu zuen. Horrez gain, ezarpen prozesu bati ekin zioten: Espainia osoan eta Kuban ordezkaritzak eta merkataritza-bulegoak ireki zituzten, eta Bombas Itur aitzindari bihurtu zen Espainiako merkatuan.
Hainbat hamarkadatan lider izan ostean, Juan Antonio Uriarte enpresariaren esku geratu zen, konpainia egituratzeko xedearekin; gero eta globalagoa den merkatu batean lehiatu asmoz. Uriartek KSB multinazional alemaniarraren arreta erakarri zuen. 2003aren amaieran KSB taldean sartu zen Bombas Itur, eta KSB Itur izena hartu zuen; 2014an KSB Spain bihurtu zen.
Espezializazioa
Azken hamazazpi urteetan KSB Spain asko aldatu dela adierazi du enpresak; izan ere, inbertsio handiak egin dituzte. Zarauzko produkzio zentroa espezializatuta dago Espainiako eta nazioarteko bezeroentzat ponpa gama batzuk egiten.
«Pertsonak dira KSBko aktibo nagusia. Prestakuntza programak garatu dira etengabe, eta lantaldeko 300 langile inguruk profil tekniko-espezialista handia lortu dute parte hartzen duten prozesu guztietan», adierazi du enpresak. Digitalizazioa bezalako erronketarako prest daudela diote. «Etengabe hobetzeko eta produktu berriak garatzeko egiten dugu lan; eraginkorragoak, iraunkorragoak eta lehiakorragoak izateko. Horretarako, gure balioak aplikatzen dira».
Matthias Guterl: «Enpresak momentu bakoitza irakurtzen jakin izan du»
Mendeurrena ez ezik, egungo egoera ere izan du hizpide KSB Itur Spain enpresako zuzendari orokorra den Matthias Guterlek (Primasens, Alemania, 1967).
Kontuan hartzeko urtemuga da, ez baita makala enpresa batek mende bat irautea.
Egia esan, oso pozik gaude mende bateko jarduera lortu dugulako. Gaur egun apenas dago ehun urte beteak dituen enpresarik. Hau guztia posible izan da gure langileen eta gure bezeroen, hornitzaileen eta gure jardunean parte hartzen duten gainerako kideen arteko harreman estuari esker.
Esan daiteke aitzindaria izan zela ponpen sektorean?
Aranzabal familiak etorkizun-sen handia izan zuen ibilera honi ekin zionean. Berrikuntza etorri zen garatzen joan ziren produktuen eskutik; hau da, eskari ezberdin bakoitza asetzetik. Izan ere, ez da berdina itsasontzi bateko fuel-olioa ponpatzeko bonba bat eta eraikin bateko edateko uraren presioa tinkatzen duena.
Mende batek askorako ematen du. Badirudi enpresak garaian garaira egokitzen jakin duela.
Hala da. Erronka bat izan da, baina enpresak momentu bakoitza irakurtzen jakin izan du. Duela 17 urtetik KSB taldearen parte gara, eta taldeak erakutsi digu erabiltzen ditugun prozesu eta sistema guztien espezializazioak duen garrantzia.
Egungo pandemiak nola eragin dio KSB Iturri?
Gure konpainia enpresa esentzial gisa sailkatu zuten, uraren kudeaketako hainbat prozesutan hartzen duelako parte, baita beste industria batzuentzako prozesu esentzialak direnetan ere. Bitxiena da gure bezeroek bidali zituztela idatziak kalifikazio hori eman ziezaguten. Hori dela-eta, enpresa ez da geldirik egon berrogeialdian.
Nola ari zarete lanean momentu hauetan?
Oraintxe bertan gure arinaldi partikularra bizitzen ari gara. Langile batzuk telelanean dihardute, eta beste batzuk itzultzen ari dira beraien lanpostuetara. Osasun agintariek zehaztutako segurtasun eta distantzia protokolo guztiak betetzen antolatu dugu ekoizpena. Kanpoko jendea sartzea mugatu dugu. Gure langileen osasuna bermatzea da lehentasuna une hauetan.
Zeintzuk dira etorkizun laburrera dituzuen helburuak?
Orain arteko lana egonkortu nahi dugu. Zarauzko ekoizpen zentroa finkatu nahi dugu KSB taldeko planaren barruan zentro espezialista gisa. Orain aro konplikatua pasatzea tokatuko zaigu, ziurgabetasun askokoa. Epe ertainera, hazten jarraitzea dugu xede zalantzarik gabe.
Tamalez, egungo egoerak ez dizue utzi urtemuga nahi bezala antolatzen. Nola ospatuko duzue?
Esan bezala, ez da ospakizun handietarako momentua. Berrogeialdiak eta sortzen ari den krisiak eraman gaitu mendeurren hau birtualki ospatzera. Ikusiko dugu etorkizunean zerbait berezia egiteko aukera dugun.