Mahasti Krosa lasterketa jokatu ondoren, hamaiketakoa egin ohi dute Talai Berri txakolindegian. Pintxoak eta edariak euro batean saltzen dituzte, eta lortutako dirua bertako produktuak erosteko erabiltzen dute, ondoren Zarauzko Caritasi emateko. Aurten 800 euro bildu dituztela azaldu zuen Itziar Eizagirre txakolindegiko arduradunak atzo goizean eginiko agerraldian, eta erositako produktuak laster emango dizkiotela elkarteari.
Joxean Azkue Zarauzko Casitaseko ordezkariak ere bertan izan zen, eta adierazi zuen itxialdia hasi denetik hirukoiztu egin dela janaria jasotzeko beharra herrian: "70 pertsona etortzen ziren janaria jasotzera pandemiaren aurretik, eta orain 200 etortzen dira". Azaldu zuenez, astean behin jasotzen dituela familia bakoitzak elikagaiak, eta langabeziak gora egin ahala, gehiago direla beharra dutenak. "Bizi dugun egoera bezalakoetan, jendea solidarioagoa izaten da".
Azkuek gaineratu zuen zerbait eman nahi duen herritarrak astearteetan eta asteazkenetan duela horretarako aukera, 10:00etatik 17:00etara, Mitxelena kaleko 51. zenbakian.