Gipuzkoako zaharren egoitzetan bi hildako gehiago izan direla eta zortzi koronabirus kasu berri atzeman dituztela jakinarazi du aldundiak. Guztira, hiru dira koronabirusak erasanda Gipuzkoako egoitzetan hildako pertsonak, horietako bat Santa Ana egoitzan. Atzemandako kasu positiboak, berriz 82; horietako zortzi, Santa Anan.
Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak ohar bidez azaldu du "babes osoa" helarazi nahi dietela hildakoen familiei, eta "biziki" eskertzen dutela beren elkarlana, baita Gipuzkoako egoitza guztietako talde profesionalak egiten ari diren lana ere.
Udalei mezua, koordinazio eske
Gipuzkoako Foru Aldundiak gutuna igorri die aste honetan lurraldeko udal guztiei, gogoratuz zerga bilketetan ere eragina izango dutela Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoek. "Horrek eragin zuzena izango du maila guztietako erakundeen baliabide eta finantzaketan; Eusko Jaurlaritzatik, udal guztietaraino", azaldu du bozeramaileak. Gutunean aldundiak "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu die udalei, baita "administrazio guztiak modu koordinatuan aritzea lehenestea" ere.
Mendozak gogoratu du hasiera batean osasun krisia zena krisi sozial eta ekonomiko bilakatu dela. "Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak eta Eudeleko ordezkariak Zerga Koordinaziorako Organoan (ZKE) ari gara elkartzen, neurriak adosteko eta agertoki honek gure zerga bilketan izan dezaken eragina neurtzen saiatzeko", azaldu du foru bozeramaileak. Udalei eskatu die kontuan hartzeko Eudelek eta Aldundiak bidalitako "komunikazioak", krisiak diru bilketan izango duen eraginaren inguruan. "Era berean, udalek mahai gainean dituzten proposamen eta neurrien berri ere jakin nahi dugu. Krisi honen aurrean modu koordinatuan aritzea da herritarrak eta enpresak babesteko modurik eraginkorrena", gaineratu du.