Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman duenez, astelehenean COVID-19an positibo emandako 91 urteko emakume bat zendu da Zarauzko Santa Ana egoitzan. Bere osasun egoera “oso hauskorra” zen eta “ezin hobeki” zainduta egon da Zarauzko egoitzako profesionalen aldetik. Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan koronabirusagatik hildako lehen pertsona da; guztira, 5.425 persona artatzen diren une honetan egoitzetan. Azken orduetan, gainera, emandako positiboak 17 direla azaldu du Aldundiak, eta guztira 68 kasu daudela adineko pertsonen egoitzetan eta 13 desgaitasuna dutenen artean.
Bozeramaileak bere laguntza eta elkartasuna eskaini dizkie senitartekoei eta Santa Ana egoitzako langile eta egoiliarrei. Baita gaixotasunaren aurka borrokan jarraitzen duten pertsona guztiei, eta hedapena gelditzeko “ezinezkoa egiten ari diren” guztiei ere.
Bestalde, du Gizarte Politikako Departamentutik egunero mantentzen dela harremana lurraldeko egoitza guztiekin, egoiliarren eta langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko, babeserako materialaren beharra antzemateko, horniketaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helarazteko. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta Eusko Jaurlaritzak eskatuta, idatzi bat bidali da lurraldeko egoitza guztietara, EPIen eskaeretarako, Osasun Publikoko sailarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta posta elektronikoa gogoraraziz.