Perura oporretara joan, eta Arequipa hirian dago konfinatuta Ainhoa Arruti Uria (Zarautz, 1995) aurreko astetik. Etxera bueltatu nahi du, baina argi du egoera "askoz okerragoa" izan zitekeela. "Lagunak egin nituen konfinamenduaren aurretik, haiekin bidaiatzen ari nintzen, eta hortaz, konfinatuta beraiekin egotea egokitu zait. Ostatu handi batean gaude 60 pertsona, eta giro oso ona dago".
Etxera bueltatu nahi, eta ezin.
Bai. Berez, hegaldia hartua nuen martxoaren 29rako, eta orain, hegaldia bertan behera gelditu da; hegazkin konpainia maiatzerako ari da ematen hegaldiak. Hori baino lehenago itzuli nahi dudanez, aberriratze hegaldiaren zain nago. Espainiako Gobernuak pazientzia edukitzeko eskatzen du, lanean ari direla diote, baina ez dute ezer argi esaten. Kontsulatu guztiak irekita eta gure eskura daudela diote.
Egon al zarete kontsulatuan?
Limako kontsulatuko ateak itxita daude, eta deitzen baduzu, batzuek esaten dizute ez dela egongo aberriratzerik; beste batzuek baietz, baina pazientzia izateko. Guri esan ziguten, agian, apirilaren 1ean edo 2an baimena emango zigutela Limara joateko, baina gure kontura joan beharko genuela. Geuk aurkitu behar dugu garraioa, ez dakit nola, ez dagoelako. Eta gero, hara iritsitakoan, agian, aterako diren hegaldietako bat hartzea izango genuela esan ziguten duela egun batzuk. Gaur goizean, berriz [martxoak 20] gobernuak esan du aireportuak itxiko dituztela, baita hegaldi humanitarioentzat ere.
Nola zaudete?
Informazio bila gabiltza, eta zain gaude. Etxera itzuli nahi dut; ideia hori nuen hegaldia hartu nuenetik. Baina uste dut jende asko dagoela ni baino okerrago. Ezagutzen ditut ostatutik bota dituztenak; Airbnb-n alokatutako etxera joan eta ezin dutenak etxetik atera, erosketak ere etxejabeak egin behar dizkietenak... Ondo nago, ostatu ona tokatu zait, eta oraingoz, animoso nago. Espero dudana da Espainiako Gobernuak aberriratze hegaldiren bat jartzea guretzat ere. Badakit hemendik urte batzuetara hau guztia anekdota bat bezala oroituko dudala.
Joan den astelehenetik zaudete konfinamenduan.
Bai, hala da. Martxoaren 15eko gauean komunikatu ofiziala zabaldu zuen Peruko presidenteak: gauerdian larrialdi egoera ezarri eta mugak itxiko zituztela zioen. 22:00ak ziren. Ni, une hartan, Cotohuasi izeneko herritxo batetik Arequipa hirirantz nindoan. 03:00etan iristen zen gure autobusa, eta larritu egin ginen, baina 24 ordu utzi zituzten nor bere etxera joateko. Beraz, ofizialki hilaren 16an hasi zen konfinamendua. Aurreneko egunean jende dezente ikusten zen kalean; hirugarrenetik aurrera aldatu zen egoera, eta militarrak ere gogorrago jarri ziren. Konfinamendua hasi zenetik, kutsatu baino atxilotu gehiago egon dira; serio jarri dira militarrak.
Zertara atera daiteke kalera?
Euskal Herrian bezala, supermerkatura, botikara eta bankura bakarrik joan gaitezke. Hala ere, bulego bat edo beste ikusi dut zabalik. Behin, andre bat ikusi nuen bulego horietako batera sartu nahian, baina ez zioten utzi, maskarillarik ez zeramalako. Nork bere legeak jartzen ditu. Jendea nahikoa arduratsu ikusten dut. Ez da erotuta joaten supermerkatura; ez da komuneko paperik falta. Gehienak maskarillarekin ateratzen dira kalera, eta guk ere erosi egin behar izan genuen, arraro begiratzen baitziguten. Hilaren 18tik aurrera, konfinamenduaz gain, ezin da kalera atera 20:00-03:00 artean.
Bertakoak nola daude?
Arequipako jendea kezkatuta dagoela esango nuke, baina burua galdu gabe. Oraingoz hiru kasu bakarrik daude, baina badakit hemengo ospitalea oso eskasa dela. Berrogeialdia hasi aurretik manifestazioa egin zuten, ikusten zutelako zer zetorren eta ospitalearen baldintzak oso eskasak zirela. Batetik Osasun Ministerioaren zerbitzua daukate, Osakidetzaren tankerako bat, eta bestetik, Es Salud, enpresetan langile izateagatik daukazun asegurua. Horrez gain, klinika pribatuak daude. Hala ere, herrialdearen estrategia hasieratik prebentzioa izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Peruk hartu duen bidea prebentzioarena da.
Europarrak izateagatik seinalatu zaituztete?
Denetarik gertatu zaigu: gu kaletik joan eta jendeak grabatzea, uste dutelako guk ekarri dugula birusa Europatik; taxistek ahoa tapatzea gu eraman behar gintuztenean; eta polizia etxera ere eraman gintuzten egun batean. Cotohuasi izeneko herri txiki-txiki batera joan ginen, ibilaldiak egiteko asmoz; uste dut han ez zela europarrik azaldu aspalditik. Ez zegoen inor kalean. Galdetu genuen ea inguru horretan zerbait egiteko aukerarik bazegoen, eta esan ziguten futbol partida bat jokatu behar zutela. Ikustera joan ginen. Lasai-lasai geunden, eta bat-batean polizia etorri zen autoan, zuzenean gugana. Uste dugu norbaitek deitu ziela. Dokumentazioa eskatu ziguten, eta ez geneukan soinean, ibiltzera atera ginelako. Polizia etxera joan behar izan genuen beraiekin, eta bidean galdezka aritu ziren: noiztik geunden Perun, bidaiatzeko arrazoia zein zen, zergatik geunden hirurok elkarrekin –bat Ingalaterrakoa zelako eta bestea Suediakoa–, sintomarik bageneukan, etab. Azkenean, utzi ziguten alde egiten, baina ohartarazi ziguten pasaportea eskura edukitzeko beti.
Nola erreakzionatu zenuten?
Esan nien ulertzen nuela beraiek beldurra izatea, baina nik hiru hilabete neramatzala Europatik kanpo, eta beraiek adina aukera nuela birusa izateko. Sentitzen zutela esan ziguten, eta barkatzeko, baina ulertzeko. Autobus geltokian eseri ginenean ere, gure ondotik alde egin zuen jendeak. Beldurtuta dago jendea, herri horretan, batez ere. Herri txikia da eta, gauza jakina da: herri txiki, infernu handi.