Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandea, martxoak 8. Horregatik, urtero bezala, udalek adierazpen instituzionalak egin dituzte emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko. Esaterako, Getarian eta Zarautzen bat egin dute udalean dauden ordezkari politiko guztiek. Adierazpenak bi zati ditu; aurrenekoa orokorra da, eta bi herrietan berbera plazaratu dute. Ondoren, ordea, herri bakoitzak berea landu du, jarraian ikus daitekeenez.
Adierazpen orokorrak honela dio:
1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.
Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.
Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.
Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:
Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan; Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea; Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko; Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea; Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.
ZARAUTZ
Zarautzen, gaur eguerdian elkartu dira udalbatzar aretoan EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Podemos-EquoBerdeak taldeetako zinegotziak, eta ondorengoa gehitu diote adierazpenari:
Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Zarauzko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.Toki-eremuan berdintasunaren konpromisoan aurrera egiteko neurriak:
- Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.
- Arlo publiko nahiz pribatuan udal herriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea genero ikuspegi batetik, eta zaintzen aitortze soziala eta gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzeko eta egoera hobetzeko neurriak martxan jartzea.
- Zarauzko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea, eta Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzea bere lurraldean.
- Zarauzko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak bermatzea Parekidetasun departamentuan
- Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Zarauzko Ekintza Plana berritzea eta IV. Plana osatzea hurrengo urtean.
- Berdintasun ordenantza bere osotasunean garatzea berdintasun politikak garatzeko, eta udal jarduera osoan genero ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
- Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Zarauzko Koordinazio Protokoloa berraztertu eta hobetu, indarkeria matxistaren biktimekin elkarlanean Zarauzko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
- Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.
- Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatu ahal izateko, Emakumeen Etxea martxan jarriko dugu eta beharrezkoak diren baliabide guztiak bideratuko ditugu
- Zarauzko Emakumeen Etxea, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioa izatea da gure helburua, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
- Irekitzera goazen Emakumeen Etxean herriko emakumeen parte hartze aktiboa bultzatzeko lan egitea, beti ere ahalduntze ikuspegi feminista batetik.
- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearekin – Berdinsarea – bat egiten jarraituko dugu. Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.
Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.
Getarian, berriz, EH Bilduk eta EAJk honako adierazpena landu dute:
Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Getariakoko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.
- Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun politikak garatzeko, eta udal jarduera osoan genero ikuspegia txertatzen dela bermatzea: kontratazio eta hitzarmenetan genero klausulak txertatuz...
- Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea berdintasuna gizarteko arlo guztietara zabaltzeko: ahalduntze tailerrak, bestelako kirol planteamenduak, arduren banaketak...
- Diskriminazio mota guztien aurka udal politikak garatzea: soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak hartuz...
- Udalerriko emakumeek egindako ekarpena sustatzea: proiekzioak, hitzaldiak etab.
Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.
AZPEITIA
Azpeitiko Udal Gobernuak bat egin du datorren igandean, hilak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo diren mobilizazioekin, eta herritarrei mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die. Gainera, Martxoaren 8aren harira, hainbat erabaki hartu du; besteak beste, parekidetasunera bideratutako aurrekontua handitzea, Emakumeen Txokoko zerbitzuak gehitzea nahiz hezkidetza programa indartzen jarraitzea.
Erakundeak printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzeko "konpromisoa" hartzen duela adierazi du, gizarteak "justizian eta demokrazian aurrera" egin dezan: "Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori beren gain hartzea, eta gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egitea", azaldu du Udal Gobernuak.
Bestalde, Udal Gobernuak nabarmendu du "erabateko konpromisoa" duela herritarrekin, eta "aspaldi" ulertu zuela herritarren eskaera: "Herritarrek eskatzen digutena da guztionak diren baliabideak erabiltzea emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desberdintasun egoerei aurre egiteko". Ildo horretatik, Udal Gobernuak azaldu du herritarrek udalari konpromisoak eskatzen dizkiotela, inor atzean utzi gabe, "sistemak ezartzen dituen" diskriminazioei eta zapalkuntzei aurre egiteko.
Horrez gain, erakundeak azaldu du "euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat" eraikitzeko lanean diharduela: "Subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe", nabarmendu du. Era berean, Udal Gobernuak azpimarratu du "beharrezkoa" dela instituzioetatik lan egiten jarraitzea, "koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal" batekin. Hori dela eta, Udal Gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko honako erabakiak hartu ditu:
- Parekidetasunera bideratutako aurrekontua handitzea.
- Emakumeen jabetze prozesuak sustatzeko baliabideak indartzea, batik bat, Emakumeen Txokoaren bitartez. Emakumeen Txokoko zerbitzuak gehitzea.
- Hezkuntza komunitatearekin batera garatzen den hezkidetza programa indartzen jarraitzea eta horretarako baliabideak gehitzea.
- Udalerriko emakumeek egindako ekarpena aitortzeko memoria historikoa lantzea.
- Udalak sustatzen dituen politika publikoetan eta hainbat programatan genero ikuspegia txertatzeko urratsak ematea.
- Herriko eragileekin elkarlanean sustatutako proiektuetan berdintasuna txertatzeko baliabideak bermatzea.