Pepe Txabillo zendu da

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 15a

Urte askoan Zarauzko buruhandien eta erraldoien arduradun izan zen, eta haren omenez, duela bi urte Zarauzko Udalak bere erraldoia sortu zuen.

Jose Mutiozabal Pepe Txabillo zendu da gaur goizaldean, 89 urte zituela; bihar izango ziren bere urtebetetzeak. Azken urteetan pattal samar zebilen arren, ez zuen inoiz umorerik galtzen, eta beti egiten zuen bat bere buruhandiekin eta erraldoiekin.

Hamar urterekin hartu zituen lehenengoz buruhandia eta maskuria. Hamazazpi urte inguru zituela hartu zuen erraldoia sorbalda gainean, eta handik urte gutxira, taldearen arduradun bihurtu zen. Bizitza osoa eskaini du zeregin horretan. Gaur egun, Oskar Mutiozabal semak hartua du bere lekukoa. Hala eta guztiz ere, Pepe Txabillok ez zuen galtzen hitzordurik, eta kalejira zegoen bakoitzean hantxe agertzen zen erraldoien alboan ibilbidea haiekin egiteko.

2018an, aitortza bikoitza jaso zuen San Pelaio bezperan, ekainaren 25ean. Alde batetik, elkarte gastronomikoek erraldoien eta buruhandien taldeari San Pelaio Makila eman zien, eta bestetik, Zarauzko Udalak Pepe Txabillori eskainiko zion festen hasierako banderaren igoera egiteko ohorea. Horrez gain, haren omenezko bosgarren erraldoi bat sortu zuen.

Zarauzko alkate Xabier Txurrukak ondorengo adierazpenak egin ditu bere figuraren harira: "Asko maite genuen Pepe, askok eta askok. Pertsona ona zen. Langile apala. Beti prest edozertan laguntzeko. Nahiz eta urte luzez erraldoien konpartsaren arduradun izanagatik ezaguna zen gehienbat, herriko beste ekitaldi askotan ere lagundu izan zuen isilean. Bihotz erraldoia zuen pertsona on batek utzi gaitu. Besarkada estua bere familia eta lagunei. Egun handira arte, Pepe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide