Zarautzen zinemarako sarrerak Internetez erosi ahalko dira

Onintza Lete Arrieta 2020ko otsailaren 6a

Goikus Kudeaketa S.L. enpresak kudeatuko du Modelo aretoko zinema zerbitzua. Berrikuntzen artean daude sarrerak sarean erosteko aukera egongo dela eta hilabeteko programazioa herritarren eskura jarriko dela. Film batzuk 3Dn ikusteko aukera ere egongo da. Sarreren prezioak 0,5 euro igo dituzte.

Iaz amaitu zituzten Modelo eraberritzeko lanak

Orain urtebete zabaldu zuen Zarauzko Udalak Modelo zinema areto eraberritua, eta bihartik aurrera zerbitzua hainbat hobekuntzarekin eskainiko dute. Udalak lehiaketa publikora atera zuen kudeaketa, eta jakinarazi du Goikus Kudeaketa S.L. enpresa arduratuko dela aurrerantzean zerbitzua eskaintzeaz.

Bihartik aurrera hainbat hobekuntzaz gozatu ahalko dute herritarrek: batetik, Internetez erosi ahalko dira zinemarako sarrerak. Horretarako udalaren zarautz.eus atarian sartu behar da, eta Agenda atalean ikusi nahi den filmaren gainean klikatu behar da. Han, aukera egongo da sarrera erosteko. Hala azaldu du prentsa ohar bidez Irune Urbieta Kultura eta Euskara zinegotziak. "Berrikuntza honekin denbora asko aurreztuko du jendeak. Nahi duenak, sarrerak bere etxetik erosteko aukera izango du, txarteldegian ilararik egin gabe", gaineratu du Kultura zinegotziak.

Sarrerak zenbakidunak

Gainera, saio batzuetan sarrerak zenbakidunak izango dira, eta karteldegian jakinaraziko dute hori. Urbietak zehaztu duenez, larunbat eta igandeetako 19:30eko saioak eta astelehenetako bi saioak izango dira zenbakidunak. Umeen saio guztietan ere sarrerak zenbakidunak izango dira.

Sarrerak leihatilan erosteaz, filma hasi baino 30 minutu lehenago jarriko dira salgai, sarrerak zenbakirik gabe direnean. Zenbakirik gabe direnean, berriz, 45 minutu lehenago. Saioa hasi eta 15 minutura itxiko da leihatila.

Bestetik, hilabete osoko zinema programazioa egongo da herritarren eskura, ikusleek aurrez jakin dezaten zer film emango dira hurrengo asteetan. Hori aspaldiko eskakizuna zela azpimarratu du Urbietak.

Filmak 3Dn eta bertsio originalean ikusgai

Horrez gain, hemendik aurrera 3Dn ekoitzitako filmak ikusteko aukera ere egongo da Modelon. Goikus Kudeaketa arduratu da arlo teknikoaz, eta filmak ikusteko betaurrekoak ere aretoan bertan izango dituzte herritarrek.

Asteburu honetan bertan emango dute 3Dko aurreneko filma: La familia Adams haurrentzako pelikula. Larunbatean eta igandean, 17:00etan egongo da ikusgai.

Bertsio originaleko filmei dagokienez, aurrenekoa otsailean emango dute: Parasitos. Dena den, ez dute jakinarazi zein egun eta ordutan egongo den ikusgai lan hori.

Prezioak garestituta

Berrikuntzez gain, sarreren prezioa ere eguneratu egin dute; euro erdi garestitu dituzte sarrerak orokorrean. Hauek dira prezio berriak: sarrera arrunta 5,50 euro; ikusleen eguneko sarrera 4,50 euro; saio originala 4,90 euro; haur saioa 4,20 euro, haur estreinaldia 5,30 euro, haur saioa 3D 5 euro, haur estreinaldia 3D 6,20 euro; eta helduen saioa 3D 6,50 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide