Argazkiak: Karkara eta Orio Arraunketa Elkartea
Gaur arraunketa olinpikoan Distantzia Luzeko Euskadiko Txapelketa jokatu da Orion. Giro ederra sortu da arraun elkartearen inguruan eta ibai bazterrean, asko izan baitira estropadaz gozatzera Oriora hurbildu diren arraunzaleak. Guztira, 106 ontzi bildu dira arratsaldean Orion, eta bi izan dira txapelketan parte hartu duten eskualdeko arraun elkarteak. Orio Arraunketa Elkarteak 17 ontzi aurkeztu ditu txapelketara eta bederatzi domina eskuratu ditu: hiru urre, lau zilar eta bi brontze. Hala nola, urrezko domina irabazi dute Orioko senior mailako gizonezkoen zortzikoak, jubenil mailako nesken laukoak eta kadete mailako nesken skiffak.
Bestalde, Zarauzko Arraun Elkarteko bi ontzik parte hartu dute txapelketan, eta jubenil mailako mutilen zortzikoak urrezko domina irabazi du.