Askatu dute Antton Lopez 'Kubati'

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 22a

Kalera Kalera dinamikako bozeramailea da Zarauzko bizilaguna, eta etxean atxilotu dute gaur goizean. Beste hiru lagun ere atxilotu dituzte, baina denak aske geratu dira deklaratu ondoren.

Guardia Zibilak Antton Lopez Kubati atxilotu du gaur goizean bere etxean, Zarautzen. Kalera Kalera euskal presoen aldeko dinamikako bozeramailea da, eta beste hiru lagun ere atxilotu dituzte: Oihana San Vicente Agurainen, Oihana Garmendia Gernikan eta Haimar Altuna Lizartzan. San Vicente ere Kalera Kalerako partaidea da, Garmendia Arabako Sortuko politika arduraduna eta Altuna, berriz, Gipuzkoako Sortuko arduraduna. 

Berria egunkariaren arabera, ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete lau atxilotuei, eta Espainiako Barne Ministerioak oharra kaleratu duenean aurreratu bezala, laurak aske geratu dira deklaratu ostean.

Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du "terrorismoaren goratze" eta "biktimen umiliazio" delituak egozten dizkietela, hiru urtetan zehar euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien "benetako burua" osatzen dute eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako "taldearen ildoa" jarraituz.

Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, "gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez".

2018an ere atxilotua

Guardia Zibilak 2018ko martxoaren 20an ere atxilotu zuen Kubati, Belen Gonzalezen agur ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. Kalera Kalera dinamikako bozeramaile Oihana Garmendia, Nafarroako Sortuko arduradun Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia ere atxilotu zituzten  orduan.

Egun berean utzi zuten aske zarauztarra.

Herritarren erantzuna

Atxiloketen harira elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat herritan. Zarautzen 19:00etan jarri dute hitzordua Lege Zaharraren enparantzan, eta Azpeitian ere ordu horretan egingo dute mobilizazioa plazan. Zumaian, berriz, Magnoliopean elkartuko dira, 20:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide