Asfaltatze lanak egingo dituzte Zarauzko Txurruka bidean eta Zinkunegi kalean

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 19a

Astelehenean hasiko dira obrekin Txurruka bidean, eta asteartean, berriz, Zinkunegi kalean. Campezo Obras y Servicios S.A. enpresak egingo ditu lanak.

Aurreko astean ekin zion Zarauzko Udalak 2020ko Asfaltatze Planari, Untzain auzoan, eta datorren astean jarraipena emango diete lanei Txurruka bidean eta Zinkunegi kalean. Campezo Obras y Servicios S.A. enpresa astelehenean hasiko da asfaltatze lanak egiten Txurruka bidean, eta hiru egun irautea aurreikusten dute.

Zinkunegi kalean, berriz, asteartean hasiko dira obretan. Lanak egiteko hamar egun inguruko epea izango dute, eta bi faseetan egingo dituzte. Lehen fasean Gipuzkoa kalea eta Nafarroa kalea bitarteko eremuan ariko dira, eta bigarren fasean, berriz, Nafarroa kalea eta Zumalakarregi kalea bitarteko eremuan. 

Asfaltatze lanek irauten duten denbora tartean, ibilgailuek ezingo dute obra eremuan sartu, ezta bertan  aparkatu eta zirkulatu ere.  “Obrek sortu ditzaketen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi diegu bizilagunei, baina emaitzak guztion mesederako izango dira”, azaldu du Iban San Martin Obra eta Zerbitzu zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide