Berezia izan zen astearte arratsaldea herri kirol zaleentzat. Urtea amaitzeko, hainbat txapelketatako finalak izan ziren Asteasuko Usarrabi pilotalekuan: Urrezko Aizkolari Kopako finala, Gabonetako Harri-jasotzaileen Txapelketako finala eta emakumezkoen Gabonetako Ingude Txapelketako finala. Final horietan, txapel bana eskuratu zuten Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarrak.
Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi, Txikia IV.a, azkoitiarra eta Eneko Otaño beizamarra lehiatu ziren Urrezko Aizkolarien Kopako finalean. Lehia estua espero zen finalerako, eta hala izan zen, batez ere Alberdiren eta Otañoren artean. Larrañaga sailkapenaren buruan izan zen hasieratik, eta hark jantzi zuen txapela hirugarren urtez.
Aizkolariek hamasei kanaerdiko moztu behar izan zituzten Urrezko Aizkolarien Kopako finalean, eta Alberdik 34 minutu eta erdi behar izan zituen lanak amaitzeko; probak aurrera egin ahala, handiagoa zen Larrañagak beste aizkolariei ateratzen zien aldea, eta txapela berretsi zuen azpeitiarrak. Alberdik, berriz, Larrañagak baino hiru minutu gehiago behar izan zituen hamasei kanaerdiko ebakitzeko; hark 37 minututan eta 53 segundotan amaitu zuen proba. Final osoan zehar bigarren postuan aritu zen azkoitiarra, baina aizkolariak oso gertu izan zuen Otaño; beizamarrak 38 minututan eta segundo batean bukatu zuen proba.
Urrezko Aizkolarien Kopako finalaren ondoren, Gabonetako Harri-jasotzaileen Txapelketa jokatu zuten, eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak egin zuen lanik onena. 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso zituzten, hiru minutuko txandatan. Urrarekin batera, Imanol Albizuk eta Beñat Telleriak hartu zuten parte txapelketan. 100 kiloko zilindroan ia pareko lanak egin zituzten Telleriak eta Urrak: 38 jasoaldi egin zituen lehenak, eta 39 bigarrenak. Urrak 100 kiloko kubikoan lortu zuen alderik handiena ateratzea. Albizuk 19 aldiz altxatu zuen bigarren harria, 21 aldiz Telleriak, eta 27 aldiz Urrak. Hala, 100 kiloko bolari Telleriak baino altxaldi bat gutxiago eman bazion ere —28 Telleriak eta 27 Urrak—, sei jasoaldiko aldeagatik irabazi zuen zarauztarrak txapelketa. Guztira, 93 jasoaldi egin zituen Urrak, 87 Telleriak eta 75 Albizuk.
Bi norgehiagoka horiez gain, Gabonetako Emakumezkoen Ingude Txapelketaren finala ere jokatu zuten Asteasun, eta proba horretan Virjinia Finolek jantzi zuen txapela, 97 jasoaldi egin ondoren.