[Eduki babestua] Bezero bakoitzari, bere jantzia

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 27a, 11:53

Ana Alberdi eta Mari Karmen Lopez jostunak dira, bizitza osoa daramate josten, baina haien jarduna ez da mugatzen galtza barrenak hartu eta kremailerak konpontzera. Sortzea gustatzen zaie, eta duela hamar bat urtetik baserritar jantziak egiten dituzte, Zarauzko Zigordia kaleko Trikote dendan.

Haurrentzako zein helduentzako, emakumeentzako zein gizonentzako, edonorentzako jantziak josten dituzte, baina ez edo-nolakoak. Jantzi bakoitza da bakarra eta esklusiboa; ez dituzte bi berdin egiten.

Alberdik eta Lopezek mainaz eta maitasunez sortzen dituzte baserritar jantziak,hasieratik bukaeraraino. Oihalak banan-banan aukeratzetik haiekin egindako jantziak bezeroen soinera egokitzeraino. Gonak, mantalak, blusak, alkandorak, blusoiak, txalekoak... denetarik egiten dute, eta haietako bakoitzak ditu besteengandik des berdin egiten duten berezitasunak. Jantzi batzuek besteek baino lan handiagoa dutela diote,eta bakoitzari eskaintzen dioten denbora, duten lanaren araberako izaten dela, baina gutxi gorabehera pare bat egun behar izaten dituzte emakumeentzako jantzi bat goitik behera egiteko.

Gaizki janztekotan, hobe ez jantzita

Euren bezeroak dotore janzten dituzte,baina baserritarrez egoki janzten ez den jende asko dagoela uste dute Trikoteko ostunek. “Pixka bat berritzea ondo dago,baina badira ezinbestean errespetatu beharreko gutxieneko batzuk; denak ez du balio”. Adibidez, gona motzegiak eta jantzi koloretsuegiak erabiltzea ez dute egoki ikusten, eta haien esanetan, “gaizki janztea baino hobe da ez janztea”. Neskek belaunetik beherako gona eraman behar dutela diote, gainetik mantala, blusa eta lepoan zapia. “Eta gehiegi eskatzea ez bada, buruan zapia ere bai". Horiek gutxienez; hortik aurrerakoak,osagarriak dira. Oinetan, berriz, euren jantziei alpargatak etortzen zaizkie ondo.“Neguan, euriarekin edo eguraldi oso txarrarekin, botinak ere jantzi daitezke, baina lokarridunak izan daitezela, lehengo erakoak", zehaztu dute.

Emakumeen jantzien koloreei dagokienez, beltza, grisa, urdina, granatea eta berdea dira Alberdiri eta Lopezi gehien gustatzen zaizkienak, eta baita bezeroen artean arrakastarik handiena dutenak ere. “Kolore biziegiak ez ditugu atsegin,horia eta laranja eta horrelakoak, baina bezeroren batzuk eskatu izan dizkigute”.Mutilen janzkeran ere badira ezinbesteko batzuk. Galtzak, alkandora, gerrikoa,lepoko zapia eta txapela dira gutxienez jantzi behar dituztenak. Gero, blusoia, txalekoa eta beste osagarri batzuk gehitzea dago horiei. Galtza marradunak edo mahonezkoak aukera ona direla adierazi dute Alberdik eta Lopezek, eta beltzak eta grisak ere askok erabiltzen dituztela,estanpatudun txalekoarekin oso ondo gelditzen direlako.

Hango eta hemengo bezeroak

Zarauzko eta inguruko herrietako jendeak ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat lekutakoak ere badu Trikotera joateko joera. “Azpeititik, Azkoititik, Zumarragatik, Ordiziatik eta Beasaindik jende asko”joaten zaiela nabarmendu dute. Hori bai,denborarekin etortzeko aholkatu diete bezeroei. “Hiru edo lau hilabete lehenago etortzen badira, dendan askoz aukera handiagoa edukiko dute eta zerbait berezia nahi izatera, egiteko denbora izango genuke”. Azken unean doazenek,berriz, dagoenarekin konformatu beharko dute.

Dena dela, Trikoten urte guztian izaten dituzte baserritar jantziak. “Abuztuan Euskal Jaietarako jantziekin hasi eta Gabonak pasa artekoa izaten da lanik gehiena izaten dugun garaia”. Baina gainontzeko hilabeteetan ere ez dira lan faltan ibiltzen. “Denda betetzeko jantziak egiten ditugu, lehendik egindako jantziak konpontzen eta egokitzen ditugu eta taldeen enkarguak egiten ditugu”. Dantza taldeak ere ohiko bezeroak baitituzte Trikoten.

Parte hartu zozketan

HITZAren Gabon gehigarria barruko orrietan zaku hori bat eta zaku urdin bat ezkutatu ditu. Olentzeroren eta Errege Magoen zakuak dira, eta noski, oparia dute barruan. Guztira sei sari: kilo bat antxoa buztinezko ontzian, Maisor artisau kontserben eskutik (2 sari guztira); eta Basa Lore txakolin sorta: Igartzeta bi txakolin botila, Basa Lore botila bat eta ardoa zerbitzatzekoa (4 sari guztira).

Parte hartzeko, deskargatu hemen Gabon gehigarria, aurkitu zakuak, eta bidali erantzuna urolakosta@hitza.eus helbidera, zehaztuta zein orritan eta non dauden zakuak. Parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 7a da.

Ikusi hemen Gabonetako gehigarria eta parte hartu zozketan.

Zorte on!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide