200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatu dute gaur, igandea, Asteasun (Gipuzkoa), eta Aimar Irigoien errezildarra nagusitu da proban; hiru minutuko bi txandatan, 17 aldiz altxatu du harria Irigoienek. Bigarren postuan, Jokin Eizmendi zarauztarra sailkatu da, 16 jasoaldi eginda; hirugarren, berriz, Inaxio Perurenak egin du, guztira 15 jasoaldi egin ondoren.
Guztira, hamabi harri-jasotzaile lehiatu dira txapelketan, eta eskualdekoen presentzia nabarmena izan du norgehiagokak. Izan ere, horietatik hamar ziren Urola Kostakoak: Irigoien, Eizmendi, Joseba Ostolaza arroarra, Martin Mendizabal azpeitiarra, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra.
Azkenekoz duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile txapelketa berreskuratu dute gaurkoan, eta orduko arau berberekin jokatu dute proba: hiru minutuko bi txanda izan ditu harri-jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen dituena izan da txapelduna. Ikusmin handia sortu du norgehiagokak, eta zale ugarik jarraitu dute zuzenean proba.
Argazki gehiago, ataria.eus webgunean.