Imanol Zubiaurrek irabazi du IV. Ramon Serras Argazki Lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 20a

IV. Ramon Serras Argazki Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin dute gaur arratsaldean, Euskalduna tabernan.

Ramon Serras Argazki Lehiaketako sarituak. (Aritz Mutiozabal)

Lehenik eta behin, zarauztarren lanik onenak saritu dituzte, Turismo Bulegoak sustatuta. Hala, Luis Epeldek jaso du lehen saria Entrenatzen lanagatik, eta Alex Jimenezek, berriz, bigarrena, Ramas de sal lanagatik. Biak ala biak Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideak dira.

Ondoren, hiru sari nagusien txanda etorri da. Aurtengo Ramon Serras Argazki Lehiaketaren irabazlea Imanol Zubiaurre beasaindarra izan da, eta Laino orrazia izeneko argazkia izan da lehen saritua. Bigarren saria jaso du Jose Agustin Gurrutxaga bergararrak, A primera hora lanari esker, eta hirugarrena Oscar Gascon irundarrak, Remando la niebla irudiagatik.

Aurten, 44 argazkilarik hartu dute parte –horietatik 13 izan dira zarauztarrak– eta guztira 148 obra aurkeztu dituzte. Lehiaketara aurkeztutako lan hautatuekin, urtero bezala, erakusketa jarri dute Euskalduna tabernan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide