Zarauzko eta inguruetako herritar askok aukeratu beharra izan du aurtengoan ere: Gabonetako oporrak ondo hasteko parranda bota santotomasetan edo Kopla Txapelketan, Zarautzen. Etzi izango da koplazaleen festa Putzuzulo gaztetxean. Sarrera guztiak agortu ziren salgai jarri zituzten egunean bertan, minutu gutxian. Hala, 400 lagundik gora bilduko dira gaztetxean beste urte batez. 21:15an zabalduko dituzte ateak, eta 22:00etan hasiko dira bertsolariak kantari. Urteroko moduan, saio libreak, musikatuak eta ofiziotakoak uztartuko ditu emanaldiak.
Parte hartuko duten hamar bertsolarietatik bakarrak lortuko du zintzarri preziatua, eta harekin batera, datorren urteko Kopla Txapelketan parte hartzeko zuzeneko txartela. Ondorengoak ariko dira kantuan aurten: Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio (iazko zintzarriduna), Agin Laburu, Unai Mendizabal, Gorka Maiz, Maddi Ane Txoperena, Sarai Robles, Asier Galarza, Julen Zulaika eta Ane Peñagarikano; azken biak, etxekoak. Estreinakoz ariko da Peñagarikano Kopla Txapelketan, eta deia «ilusioz» jaso bazuen ere, azterketa garai bete-betean dagoenez, urrun ikusten du oraindik hitzordua. «Uste dut ostiralean, siestatik esnatzen naizenean izango naizela kontziente datorkidanaz», dio bertsolari gazteak.
Puntako bertsolariekin ariko da Peñagarikano, eta horrek «lasaitu» egiten du. «Errazagoa da ondo jardutea ondo ari denaren ondoan». Horrez gain, uste du puntako bertsolariek ere gogotsu kantatzen dutela «hasiberriagoekin», nahi dutelako lekukoa pasatzea, apurka-apurka.
Entzuteko gehien gustatzen zaion plazetako bat da Kopla Txapelketa, eta horrek bere burua apur bat estutzera eraman dezakeen arren, gazteak aspalditik zuen desioa bertan kantatzea. Berezia da Peñagarikanorentzat Kopla Txapelketa, eta ikusle eta bertsolarien artean konplizitate handia sortzen dela uste du hark: «Behean daudenek nik gozatu izan dudan adina gozatzen badute, nahikoa».
Leioan (Bizkaia) ikasten du zarauztarrak, eta azkenaldian Deustu inguruan (Bizkaia) pare bat saio izan baditu ere, bertsolaritzarekin «frustratuta» dabil. Dena den, uste du Zarauzko Kopla Txapelketa leku egokia izan daitekeela bertsolaritzarekin bakeak egiteko.
Ostiraleko hitzordura bertaratu ezin dutenek, zuzenean entzuteko aukera izango dute Arraio Irratian, fm-a 99.3an sintonizatuta.