2019ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo, asteazkena, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Kursaal jauregian egin zuen ekitaldian. Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 25 enpresak eta erakundek jaso zuten ziurtagiria, horien artean Aizarnazabalgo Udalak eta Azpeitiko Landeta Burdin Lanak eta Zarauzko Arazi IKT enpresek. Hirurek ere Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu dute, hau da, goi mailakoa.
Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte, 393 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira, 75.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek. Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, aurrez ebaluazio bat gainditu behar izaten da. Besteak beste, komunikazioa, irudi korporatiboa eta kanpo eta barne harremanak zein hizkuntzatan egiten dituzten aztertzen dute.