Alberdania argitaletxeak haurrei zuzenduriko Lo potolo. Lotara joateko ipuinak liburua kaleratu berri du zortzi idazleren lanekin. Horien artean, Uxue Alberdi, Anjel Letxundi eta Mitxel Muruaren testuak daude; gainerako idazleak dira Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe eta Patxi Zubizarreta. Ia 30 pieza bildu dituzte, Eider Eibar ilustratzailearen marrazkiekin apainduta.
Ipuinekin batera, poemak, jolasak, egitura erritmikoak, hitz-jolas eta aho-korapiloen tankerako testuak ditu liburuak. “Askotarikoak dira piezak, askotarikoak diren bezala lumak eta erregistroak. Liluratik pikardiara, jolasetik gogoetara, goxotasunetik irribarrera, edo algarara… Bidaia etengabea proposatzen zaio irakurtzen duenari eta entzuten duenari”, nabarmendu zuen Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak aurkezpenean.
Lertxundik Amona Petrari ikasia eta Behiak muuu! ipuinak ekarri ditu lan honetara; Alberdik Ama txoria balitz, Nora joaten da gaua eguna heltzean? eta Itsasoan; eta Muruak, berriz, honako sail hau: Ipuin bat kontatuko diot aitari (I). Timbuktu, hiri zoragarria, Ipuin bat kontatuko diot amari (II). Jakinduria nola zabalduzen munduan, Ipuin bat kontatuko diot aitari (III). Sagu itsuak eta animalia arraroa, Ipuin bat kontatuko diot amari (IV). Mundua azpikoz gora, Ipuin bat kontatuko diot aitari (V). Zergatik hontzak egiten du ulu eta Ipuin bat kontatuko diot amari (VI). Kanguruek zergatik korrika egiten duten bi hanken gainean.