Denboraldi berriari begira lanean hasi dira eskualdeko arraun elkarteak

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko azaroaren 16a

Azaroa hasi orduko ekin diote Zarauzko eta Orioko traineruek entrenamenduei. OAEko bi kidek utzi dute emakumezkoen eta gizonezkoen taldea eta hamaika arraunlari batu dira Orioko proiektura. ZAEn, berriz, ez du inork utzi taldea, eta, hiru arraunlari hasi dira kolore urdinarekin lanean.

Azaroa hasi orduko lanean ari dira Eusko Label eta Euskotren ligatan jardungo diren eskualdeko bi elkarteetako hiru taldeak.

Zarauzko Arraun Elkarteko gizonezkoen traineruak pasa den denboraldia bikaina eginda lortu du Eusko Label ligarako txartela. Mailari eutsi nahi diote denboraldi berrian eta hasi dira horretarako prestatzen. Entrenamendu fisikoez gain hasi dira uretako prestaketekin Enbatako arraunlariak.  Datorren denboraldiari begira ez du inork utzi taldea, eta hiru arraunlari batuko dira kolore urdinera: Iñaki Agoues, Ekhi Illarramendi eta Mikel Zapirain.

Orio Arraunketa Elkartearen kasuan, ekin diote gizonezkoen eta emakumezkoen traineruek entrenamenduei. Uretara irten aurretik gogor ari dira fisikoa lantzen Arraunetxe barruan. Aurtengo denboraldian, aldaketak izango dira bi taldeetan.

Emakumezkoen traineruan, arraunlari batek utzi du taldea, Olatz Ortegak. Bestalde, sei kide batu dira Orioko proiektura. Gazte mailatik igo diren Edith Uranga, Ane Arruti eta Cecilia Korta gazteak, eta horira itzuli diren Luda Davidenko (aurreko denboraldia San Juan taldean egin zuen) eta Lukene Lizaso zein Amaia Arregi (aurretik OAEko kide izandakoak).

Gizonezkoen kasuan, ere, badira zenbait aldaketa. Alexander Estebanek taldea utziko du pasa den denboraldian A taldeko kide eta B taldeko entrenatzaile lanetan ibili ondoren. Elkartera batuko dira Ondarroatik datozen Xabier Altuna eta Jon Iriondo, Mikel Aiestaran San Pedrotik eta Unai Etxeberria eta Jose Mari Intxausti.

Ikusi ligatako taldeetan egon diren aldaketa guztiak, berria.eus atarian.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide