Finalerdien zain dira, finala helmuga jarrita

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 5a

Larunbatean jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena, Azkoitian. Jon Maia, Iñigo Mantzizidor, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso finalerdietan izango dira. Abenduaren 14ko finalera sartzen ahaleginduko dira laurak.

Finalerdietara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, herenegun izan zen bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta erabakita gelditu ziren finalerdietako hiru saioak.

Zapatukoa ez zen final-laurdenetako saiorik onena izan. Dena den, sei bertsolariek utzi zuten bertso ederrik eta baleko ofiziorik. Beñat Gaztelumendi aise nagusitu zen; añorgarrak 475 puntu batu zituen. Bigarren Ane Labaka sailkatu zen (455 puntu), eta Maialen Akizu hirugarren (443,5 puntu). Haien atzetik izan ziren Ander Lizarralde (442,5 puntu), Mikel Artola (425 puntu) eta Ane Zuazubiskar (424 puntu). Baztartxo jendez leporaino bete zen.

Azken saio horretatik bi bertsolarik egin dute aurrera, Gaztelumendik eta Labakak. Bost final-laurdenen irabazleak eta puntuazioz beste hamahiru bertsolari igaro dira finalerdietara, eta hiru saiotan abestuko dute horiek.

Eskualdeko lau, aurrera

Eskualdeko lau bertsolarik lortu dute hurrengo faserako txartela: Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak, Jon Maia zumaiarrak nahiz Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrek.

Maiak Eibarko saioa irabazita eskuratu du final-laurdenetarako pasea. Zumaiarra "oso gustura" dago Eibarren osatu zuen saioarekin. "Lasai egon nintzen hasieratik bukaerara, eta haizearen aurka joatea egokitu zitzaidan arren, ondo sentitu nintzen gaien aurrean izan nuen erantzunarekin". Hala eta guztiz, "penatxo" bat baduela esan du: "Saioaren bukaeran lapsus moduko bat izan nuen doinuz nahastu nintzelako".

Saio hartan bertan bigarren egin zuen Urangak, eta puntu haiek aski izan zitzaizkion saioa bukatzean finalerdietara pasatzeko. Azpeitiarra "gustura" da final-laurdenak ondo joan zaizkiolako: "Oso kontzentratuta nengoen, eta zortziko txikian gaia ez gustatu izana da daukadan pena bakarra. Jon Maiarekin egin nuen ariketa hura, eta gehiegi gozatu ez genuen sentipenarekin eseri ginen aulkietan".

Mantxik ere bigarren egin zuen Azpeitiko saioan, eta lortutako puntuak tarteko, egun hartantxe sailkatu zen finalerdietara. "Kartzelakoan pixka bat erori nintzen arren, heldu egin nion kontzentrazioari, eta horregatik atera zitzaidan saio borobil antzekoa", azaldu du zarauztarrak.

Lizasok, berriz, zapatura arte zain egon behar izan du puntuazioz sailkatzeko: "Pozik nago hartutako berriarekin. Irungo saioaren ostean, kalean ikusten nuen neure burua, eta azkenean, sorpresa eta dena izan da sailkatzea".

Dena den, final-laurdenak gazi-gozoak ere izan dira eskualdeko bertsolarientzat; izan ere, lau bertsolarik aurrera egin dute, eta lehian segituko dute, baina badira txapelketari agur esan dioten bi bertsolari ere: hain zuzen ere, ez dute lehian segituko Felix Zubia zarauztarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak.

Finalerdietarako prest

Asteburu bateko etenaren ostean iritsiko dira final-laurdenak. Lehen saioa Arrasaten izango da azaroaren 17an, eta Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia Oiartzunen izango da hilaren 24an, eta Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor izango dira agertokian. Hirugarren eta azken saioa, berriz, abenduaren 1ean izango da Tolosan, eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek abestuko dute. Saio horietarako sarrerak 13 euroren trukean eros daitezke bertsosarrerak.eus atarian.

Mantxi izango da abesten aurrena, eta hark saioari aurre egiteko gorputzaldi onarekin dagoela adierazi du. Aurreko saioan horren eroso aritu izanak bultzada eman diola aitortu du: "Finalera iristea zoragarria litzateke, baina oso hitz potoloa da finala. Eskaileraren mailak banaka igo behar izaten dira, eta horretan saiatuko gara".

Kasualitatea edo ez, Maiak, Urangak eta Lizasok elkarrekin abestuko dute abenduaren 1eko saioan. Eta kasualitateak edo ez, Lizasok hirugarren aldiz izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietako saioa Tolosan: "Lehen ere bitan abestutakoa naiz han, eta bietan seigarren egin nuen. Uste dut badela garaia finalarekin obsesionatu gabe finalera begira borroka egiteko". Izan ere, Lizasoren arabera, orain da demostratzeko unea: "Hurrengo fasera merezita iritsi garela eta finalerdietan kantatzeko maila badugula erakutsi behar dugu".

Gainera, herrikide bat izango da berarekin batera agertokian, eta Lizasok uste du hori bi bertsolarientzat dela ona: "Betiko laguna da, batera ibili izan gara bertsotan, eta uste dut gertu egoteak mesede egingo digula bai elkar animatzeko, bai elkar babesteko". Urangak ere ildo beretik hitz egin du, Lizasorekin eta Maiarekin kantatzea "berezia" dela esanda. "Biak oso lagunak ditut, eta uste dut agertokian elkar babesteko balioko digula laguntasunak. Gainerako hiru bertsolariak ere oso onak dira, eta oso gustura nago tokatu zaidan saioarekin. Tolosakoa azken saioa izanik, jende pila bat izango dela pentsatzen dut. Finalaren aurreko tentsio hori ere nabarituko da, eta saio on bat egitera joango gara". Maiak ere uste du hirurek saio "polita" egin dezaketela: "Beti da garrantzitsua zaleek eta bertso eskolek bertako erreferenteak edukitzea".

Urangaren aburuz, dimentsio aldaketa dago final-laurdenen eta finalerdien artean. "Pilotalekuetan izango dira saioak, beste jendetza bat bilduko da, beste tentsio bat sumatuko da, finala jokoan izango da... Uste dut oso saio onak izango direla hirurak, eta norberak bere onena ematen badu, oso saio onak atera daitezkeela. Inork ez du ziurtatuta finalera pasatuko denik, ezta pasatuko ez denik ere; finalera pasatzea nahi duenak bertsotan egin beharko du".

Final-laurdenetara sailkatu diren bertsolari guztiek 2021ean izango den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela eskuratuta dute. Dena den, oraingoz, Euskal Herrikoa urrun dute bertsolariek, Gipuzkoako Txapelketan baitute arreta jarrita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide