Finalerdietara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, atzo, zapatua, izan zen bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta erabaki gelditu ziren finalerdietako hiru saioak.
Atzokoa ez zen final-laurdenetako saiorik onena izan, baina Beñat Gaztelumendi aise nagusitu zen; añorgarrak 475 puntu batu zituen. Bigarren Ane Labaka sailkatu zen (455 puntu), eta Maialen Akizu hirugarren (443,5 puntu). Haien atzetik izan ziren Ander Lizarralde (442,5 puntu), Mikel Artola (425 puntu) eta Ane Zuazubiskar (424 puntu).
Atzoko saiotik bi bertsolarik egin dute aurrera, Gaztelumendik eta Labakak. Bost final-laurdenen irabazleak eta puntuazioz beste hamahiru bertsolari igaro dira finalerdietara, eta hiru saiotan abestuko dute horiek. Eskualdeko lau bertsolarik lortu dute hurrengo faserako txartela: Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak, Jon Maia zumaiarrak nahiz Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrek. Maiak saioa irabazita eskuratu du final-laurdenetarako pasea; gainerako hirurak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatu dira.
Final-laurdenak gazi-gozoak izan dira eskualdeko bertsolarientzat; izan ere, lau bertsolarik aurrera egin dute, eta lehian segituko dute, baina badira txapelketari agur esango dioten eskualdeko bi bertsolari ere: hain zuzen ere, ez dute lehian segituko Felix Zubia zarauztarrak eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak.
Asteburu bateko etenaren ostean iritsiko dira final-laurdenak. Lehen saioa Arrasaten izango da azaroaren 17an, eta Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia Oiartzunen izango da, eta Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor izango dira agertokian. Hirugarren eta azken saioa, berriz, Tolosan izango da, eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek abestuko dute.
Hiru finalerdien irabazleak nahiz puntuazio onena lortzen duten beste bost bertsolari izango dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalean.
(Argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)