Abenduaren 1ean jokatuko da Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 2a

Izena emateko epea zabalik dago 'herrikrosa.eus' webgunean; bikote bakoitzak 25 euro ordaindu beharko du inskripzioa egiterakoan.

Hainbat bikote Musika plazan helmugaratzen, iazko Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketan (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Hilabete barru jokatuko da Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa, abenduaren 1ean, eta dagoeneko izena eman daiteke proban, herrikrosa.eus webgunearen bitartez. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko da, eta epea hilaren 30eko 11:00etan bukatuko da. Egunean bertan ere eman ahalko da izena; kasu horretan, bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute. Parte hartze muga 600 bikotekoa izango da.

Ohi bezala, 7,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, udal kiroldegitik hasi eta Musika plazan amaituz; nolabait ere, herriari bi itzuli eta erdi emango diote. Parte hartzaileek gehienez ere ordubete izango dute helmugaratzeko. Lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute, baita lehen hiru bikote zarauztarrek ere.

Antolatzaileek bi egunetan banatuko dituzte dortsalak, Aritzbatalde pilotalekuan: lasterketa bezperan, 17:30etik 19:00etara, eta egunean bertan, 09:30etik 11:00etara. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa abenduaren 1ean jokatuko da, 11:30ean hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide