Klima aldaketaren eraginez 2050erako itsasoaren maila nola igoko den aztertu du Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central ikerketa zentroak. Mundu mailako ikerketa da, eta mapa zehatzak egin ditu.
Euskal Herriari dagokionez, oro har, kostalde osoan nabarituko dute eragina itsasoaren maila igotzean, baina toki batzuek uholde arrisku handiagoa dute, haien orografiagatik. Urola Kostari dagokionez, arrisku handiena Orion eta Zarautzen egongo da, baina baita Getarian, Zumaian eta Aiako eremu batean ere.
Ikerketa zentroaren arabera, 2050.urtean mundu osoan 300 milioi pertsona bizi diren lekuak egongo dira arriskuan. Bai, behintzat, ez badira neurri handiak hartzen hori ekiditeko.
Orain arteko ikerketek baino egoera okerragoa iragarri du ikerketa honek, eta Urola Kosta ez da salbuespena izango. Mapan ikus daitekeenez, Orion hondartza inguruko lurrek eta kirol portuaren inguruko eremu osoak izango du uholdeak izateko arriskua. Baita kiroldegi, futbol zelai eta ingurune horretako bizitokiek ere. Horrez gain, Aiako lurretan dagoen Ubegun industrialdea ere arrisku gunetzat hartu dute. Hain zuzen, itsasadarraren bi aldeetara dauden lurrak ageri dira mapan.
Zarautzen, itsasertzean baino are gehiago, barrurago daude arriskuak. Batetik, biotopoaren eremuan; bestetik, Bizkaia, Araba eta Zuberoa kaleen inguruan (errekak igarotzen dira horietatik); eta azkenik, Asti eremua.
Getarian, portuaren zati handi bat egongo da arriskuan, baita Gaztetape hondartzatik Ketarrira arte dagoen eremua ere. Zumaiari dagokionez, berriz, arriskua bi hondartzek izango dute, baita parolbideak eta hainbat kalek ere: Erribera kaleak, Kantaurik, Basadik eta Aita Marik, besteak beste.
Zumaiako mapa Getariako mapa- Elkarrizketa. Elisa Sainz de Murieta: "Itsasoaren mailaren igoera aintzat hartu behar da kostako herrien hirigintzan" (Baleike.eus)
- Arrisku eremuen mapa. Ikusi hemen.