Luxuzko gonbidatuak

Aritz Mutiozabal 2019ko urriaren 25a

Nazioarteko Ahotsak zikloa antolatu du Zarautz Abesbatzak datorren asterako. Japoniako, Poloniako eta Lituaniako abesbatzen kontzertuak izango dira Frantziskotarren elizan.

Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Zarautz Abebatzako Itziar Azkue eta Javier Ondarra. (Aritz Mutiozabal)

Urteko kultur agendan hitzordu klasiko horietako bat da Nazioarteko Ahotsak. Zarautz Abesbatzak hiru hamarkada luze daramatza antolatzen kantu zikloa, Tolosako Turismo Sailarekin eta Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean, eta urtero gonbidatzen ditu Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartzen duten taldeak. Aurten, "luxuzko parte hartzea" izango dela herrian azaldu du Zarautz Abesbatzako kide Itziar Azkuek, eta hiru abesbatza ariko direla kantuan datorren astean.

Urriaren 29an, asteartean, abiatuko dute aurtengo jaialdia Japoniako JCA National Youth Choir taldearekin. Urriaren 30ean, asteazkenean, Poloniako Chor 441Hz abesbatzaren txanda izango da, eta azkenik, azaroaren 3an, igandean, Lituaniako Bel Canto Choir Vilnius abesbatzak eskainiko du kontzertua. Hauek duela hiru urte ere izan ziren, eta Zarautz Abesbatzako kideek oroitzapen oso ona dute haien emanaldiaz.

Abesbatza bakoitzak bere berezitasunak ditu abesteko orduan, baina badituzte hainbat ezaugarri komunean. Guztiak abeslari askoko taldeak dira, eta gazteez osatuta daude. Gainera, hirurek jaso dituzte sariak han eta hemen, eta orain Tolosakoa eskuratzen saiatuko dira.

"Tolosatik zehazten dute beti zein abesbatza etorriko diren. Aukeratuta datoz, eta beti oso onak ekartzen dizkigute. Oso pozik gaude aurtengoekin ere",  dio Zarautz Abesbatzaren batzordeko lehendakari Javier Ondarrak.

Hain justu, Tolosako lehiaketara begirako entsegu gisa hartzen dute Zarautzen eskaini ohi duten saio. Urtero bezala, aipatu abesbatzen kontzertu guztiak Frantziskotarren elizan izango dira; lehenengo biak 20:30ean, eta hirugarrena, berriz, 19:30ean. Sarrera arruntak bost euro balioko du, eta abesbatzaren elkarteko kideentzat, aldiz, hiru euro.

Irune Urbieta Kultura zinegotzia eskerrak eman dizkie Zarautz Abesbatzako kideei horrelako ekintzak antolatzeagatik, baita urtean zehar egiten dituzten gauza ezberdinengatik ere. Bide batez, herritarrak emanaldietara joateko animatu zituen.


Gustuko tokia


Tolosako lehiaketan parte hartzen duten hainbat taldek herrian hartzen dute ostatu, eta aurten ere bertan izango direla jakitera eman dute Zarautz Abesbatzako kideek. Nazioarteko Ahotsak zikloan izango diren bi talde ere Zarautzen izango direla nabarmendu zuten; bata Japoniakoak diren arren, bigarrena ez dakite oraindik ziur. 

Gustuko tokia ez ezik, estimu handia diote Frantziskotarren elizari, "kantuan egiteko aproposa" dela iritzi baitiote. Gainerakoan, Abesbatzako kideek bertan izango diren abesbatzei lagunduko diete, beren Villa Mundako lokalak nahiz Musika Eskolako gelak entseatzeko utziz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide