Iraila erdi aldera hasi ziren 2019ko mahats bilketarekin, eta oraindik uzta guztia jasotzeko gutxi gorabehera beste pare bat aste falta zaien arren, lanean buru belarri dabiltza Getariako Txakolina Jatorri Deiturako 33 upategiak. 2019. urteko mahats ekoizpena, iazko uztarekin alderatuz, %5-10 gutxiago izatea aurreikusten dute. "Udaberriko klimatologiaren eraginez, landarearen loraketa irregularra izan da eta, honen ondorioz, mahats-aleen tamainuari dagokionez, mahats-mordo ezberdinen aurrean aurkitu gara. Hezetasunaren eraginez, urtero azaltzen zaigun mildiu gaitzak bere agerpena egin arren, orokorrean, udara nahiko ona izan da. Hala ere, lehen esandako mahats-mordo irregularrengatik uzta %5-10 gutxiago izatea aurreikusten dugu", esan dute Getariako Txakolina Jatorri Deituratik. Ildo horretatik, 3.250.000 kilo-mahats biltzea espero da (3.100.000 botila gutxi gorabehera).