Gipuzkoako Igeriketa Federazioak Igeriketako Kirol Gala egin zuen atzo, Azkoitian. Lurraldeko 22 kirol klubek parte hartu zuten Baztartxo antzokian egindako ekitaldian, eta federazioak joan den denboraldian emaitzarik onenak lortu zituzten igerilariak saritu zituen.
Guztira, 72 banatu zituen federazioak, igeriketan, igeriketa artistikoan, waterpoloan eta zeharkaldietan emaitza onenak lortu dituzten igerilariak sarituz, eta tartean izan ziren eskualdeko igerilariak. Joanes Txurruka azkoitiarrak bi sari jaso zituen, batetik, Neguko ligako kimu mailako bigarren saria, eta bestetik, denboraldi amaierako kimu mailako 3. saria. Olaia Gaitan azkoitiarrak, berriz, benjamin B mailako hirgarren saria eskuratu zuen.
Iker Aizpuruk igeriketa egokitutako lehen saria eskuratu zuen, eta Elene Sudupe Izarraitz elkarteko igerilari azkoitiarrak, alebin mailako bigarren saria jaso zuen. Era berean, junior eta senior gizonezkoen Izarraitz elkarteak hirugarren saria irabazi zuen. Zarauzko Balea elkarteak ere eskuratu zuen saria, kimu mailako gizonezkoen hirugarren saria, hain zuzen ere.
Igeriketa Gala aprobetxatuz, Azkoitiko igeriketa komunitateak, Udalarekin elkarlanean, Maialen Sudupe igerilaria omendu zuen. Azkoitiarrak urrezko eta zilarrezko dominak lortu zituen Udako Junior eta Absolutuen Espainiako Txapelketan, eta bere lana aitortzeko, oroigarria jaso zuen Angel Martin Azkoitiko zinegotziaren eskutik.