‘Xua Gurasoekin Etxera!’ kantua aurkeztuko dute ostiralean Orioko Plazan

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko irailaren 22a

Iluntzeko 20:00etan izango da kantuaren aurkezpena Herriko Plazan. Horrekin batera ekimenaren aldeko sinadura bilketa izango da

Irailaren 27an, ostiralarekin 'Xua gurasoekin etxera!' Herri ekimenaren kantua aurkeztuko da Herriko Plazan, iluntzeko 20:00etan. Horrekin batera, sinadura bilketari ekingo zaio. Nahi duen orok izango du aukera paperean, zein digitalean ekimenaren alde sinatzeko. 

Uda honetan prestatu eta grabatu dute kantua Amasoian baserrian. Orio, Usurbil eta Zarautzeko musikari eta artisten elkarlanean. Koreografia ere badu kantuak. Ostiralean, bertan izango dira ekimena martxan jarri duten lagunak eta Xuaren aiton-amonak eta senideak.

Herri ekimenaren jatorria

Xua Valentziako Picassent espetxean jaio zen eta datorren urtarrilean beteko ditu hiru urte. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga euskal preso politikoen alaba da. Gurasoek aurtengo ekainean bete dituzte 10 urte kartzelan. 12 urteko zigorraren ¾ ak  beteta, Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete.

Hiruren etxeratzea eskatzen du ‘Xua gurasoekin etxera’ herri ekimenak. 2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude hirurak gaur egun eta urtarrilean etorriko da Xua Euskal Herrira. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide