Zubia hirugarren, 'Mantxi' bigarren eta Etxeberria bosgarren izan dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 16a

Final zortzirenetako saioak amaitu arte ez dute ziur jakingo hurrengo fasera sailkatu diren edo ez.

30 bertsolari falta dira  final zortzirenetan kantatzeko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 12k kantatu dute dagoeneko asteburuko bi saioetan, eta bakoitzeko txapelduna finalaurdenetarako sailkatu da. Haritz Mujika asteasuarrak Irunen kantatuko du urriaren 20an, eta Beñat Iguaranek Andoainen, urriaren 19an.

Felix Zubiak Oñatin abestu zuen larunbatean, eta hirugarren sailkatu zen bere saioan, Haritz Mujika (447 puntu) eta Maider Arregiren (436 puntu) atzetik, 428,5 punturekin. Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarra bigarrena izan zen igandean, Amasa-Villabonako saioan, 433,5 punturekin. Oier Etxeberria azpeitiarra, berriz, bosgarren, 408,5 punturekin. Gauzak hala, Zubiak, Mantxik eta Etxeberriak final zortzirenetako saio guztiak amaitu arte ez dute jakingo finalaurdenetan kantatzeko sailkatu diren edo ez. Saio bakoitzeko irabazleez gain, puntuazioz 17 bertsolari sailkatuko dira hurrengo fasera. Alegia, 42 bertsolaritik, 24k kantatuko dute hurrengo fasean.

Datorren asteburuan hiru zarauztarrek eta zestoar batek izango dute saioa. Aitor Urbietak (Zarautz), Ainhoa Agirreazaldegik (Zarautz) eta Aitor Salegik (Zestoa) Ordizian kantatuko dute larunbatean eta Beñat Jauregik (Zarautz) Zumaian, igandean. Saio guztiak bezala, hauek ere 17:00etan hasiko dira, eta sarrerak salgai daude sarean, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide