Usoa Ostolaza zarauztarrak hirugarren postua lortu du Nizako munduko txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 9a

Larunbatean jokatutako Ironman 70.3 proban lortu zuen podiuma triatleta zarauztarrak, 18-24 adin tartekoen multzoan.

Oso gustura agertu da Usoa Ostolaza triatleta asteburuan Nizako munduko txapelketan egindakoarekin: "Espero ez nuen postu bat izan da". Ironman 70.3 probako munduko txapelketan hirugarren izan da  18-24 adin tartekoen multzoan. "Niretzat oso hunkigarria izan da karrera honetan parte hartzea mundu osoko jendearekin, baita hirugarren postua lortzea ere".

Igerian ez zela sentsazio onekin hasi adierazi du Ostolazak: "Egia esan, dezente gaizki sentitu nintzen. Aukera eman zuten neoprenoarekin igeri egiteko, eta halakoetan guztiok egiten dugu neoprenoarekin, abantaila delako, baina niri ez zait askorik gustatzen. Alde horretatik, ez dut uste nire maila eman nuenik".

Trantsizioan ere ez zela ongi moldatu dio, denbora asko galdu zuela. Aitzitik, bizikletako zatian asko gozatu zuen, nahiz eta oso gogorra izan. "Hobeto sentitzen joan nintzen eta jendea harrapatzen joan nintzen". Korrikaldian tripetako molestia batzuk izan zituen, hartu beharreko barrita eta gela gutxiago hartu omen zituelako, baina "lortutako denborarekin oso gustura nago".

Balorazio orokorra oso positiboa dela nabarmendu du: 2.000 triatleta inguruk hartu zuten parte, eta adin multzo guztietakoen artean, 16. sailkatu zen Ostolaza, eta sailkapen orokorra kontuan hartuta, profesionalak barne, 53. postuan. "Horrek hurrengorako indar eta motibazio gehiago ematen dit". Azken finean, "beste esperientzia berri bat izan da niretzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide