Jon Gurrutxaga azpeitiarrak irabazi du Lizardi bertso sariketako lehen kanporaketa

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 30a

Zarauzko Euskal Astearen barruko lehiaketa atzo, osteguna, hasi zen, Imanol Urbieta Musika Eskolan egin zuten bertso saioarekin. Azpeitiarra zuzenean pasako da Lizardi sariketako finalera. Bigarren kanporaketa gaur izango da, 22:00etan, toki berean.

Aurreneko kanporaketako parte hartzaileak

Abian da Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen 43. sariketa. 18 eta 26 urte arteko bertsolariak atzo hasi ziren lehiatzen, eta gaur dute bigarren kanporaketa. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak lortu zuen atzo finalerako txartela, eta gainerakoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Motxian bertso eskolak antolatzen du sariketa, Zarauzko Udalaren laguntzarekin.

Zortzi bertsolarik hartu zuten parte atzoko kanporaketan: Aitor Bizkarra, Sarai Robles, Jokin Bergara, Mikel Tapia, Gorka Pagonabarra, Jon Gurrutxaga, Joritz Bastarrika eta Uxue Alkorta gazteek.

Sailkapena

Puntuazioa honakoa izan zen:

-Jon Gurrutxaga: 209,5 puntu

-Aitor Bizkarra: 208 puntu

-Sarai Robles: 203 puntu

-Gorka Pagonabarra: 202,5 puntu

-Jokin Bergara: 198 puntu

-Mikel Tapia: 196 puntu

-Joritz Bastarrika: 173,5 puntu

-Uxue Alkorta: 166 puntu

Gaur gaueko kanporaketan, berriz, ondorengoak izango dira oholtza gainean: Joanes Illarregi, Maddi Sarasua, Maddiane Txoperena, Unai Izagirre, Maider Arregi, Eñaut Martikorena, Aimar Sorazu eta Libe Goenaga. Bigarren kanporaketa hori ere Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan izango da, 22:00etan.

Finala Euskal Astearen barruan jokatuko da, irailaren 6an, eta txapelketa osoko sei bertsolarik lortuko dute bertan lehiatzea: saio bakoitzeko bi irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta gainontzeko laurak puntuazioaren arabera. Saio hori ere 22:00etan izango da Modelo aretoan. Sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira salgai 3 euroan, eta egunean bertan ere egongo da sarrerak lortzeko aukera.

Bertsolariek kanporaketetan egin beharreko ariketak izango dira zortziko txikiko ofizioa, zortziko handiko ofizioa, puntu erantzunak eta zortziko handiko ofizioa. Finalerako sailkatzen direnek, berriz, ariketa konplikatuagoak izango dituzte. Hamarreko txikiaren ordez seiko motzeko ariketa izango dute, eta horren aurretik hitz bati bertso bana kantatu beharko diote. Horrez gain, kartzelako ariketaren barruan izango dituzte puntu erantzunak eta bakarka gai bati hiru bertso abestea.

Eskualdeko sei bertsolari

Hamaseiko zerrenda horretatik sei bertsolari dira Urola Kostakoak. Lau Zarauzko Motxian bertso eskolan aritzen dira: Joritz Bastarrika, Aimar Sorazu eta Uxue Alkorta zarauztarrak, eta Libe Goenaga getariarra. Beste biak, Unai Izagirre azkoitiarra eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide