Azaroaren 15era arte aurkeztu daitezke lanak Zarauzko Xabier Lizardi Sarira

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 26a

Irabazlearen izena 2020aren hasieran emango dute jakitera, eta sari banaketa apirilean egingo dute.

37. Xabier Lizardi Sariko sari banaketa.

Abian da Xabier Lizardi Saria. Haurrentzako eta gaztetxoentzako literatura suspertzeko lehiaketa antolatu du 38.ez Zarauzko Udalak, jada klasiko bat euskal sortzaileen esparruan, eta lanak azaroaren 15a bitartean aurkeztu daitezke udaleko Kultura Sailean.

Lanak euskaraz idatziak izateaz gain, originalak, aurrez argitaragabeak eta beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan behar dute. Hortik aurrera, edozein gai jorratu eta nahi beste lan aurkeztu ahalko dute egileek

4.000 euroko sari bakarra banatuko dute antolatzaileek, eta epaimahaia literatura adituak edo idazleak osatuko dute eta iazko garaile Idoia Garzesek. Epaia 2020ko urtarrilean emango dute jakitera. Udalak idazlan irabazlearen 2.500 ale argitaratuko ditu, eta argitaletxeak, bere aldetik, bere edizio propioa plazaratuko du. Argitalpena sari banaketa egunean klaeratuko dute, 2020ko apirilean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide