Atzo, igandea, Ramon Latasa zenaren oroimezko aizkora sariaren 18. edizioa jokatu zuten Sunbillan (Nafarroa), herriko frontoia jendez leporaino beteta zela. Bost bikote aritu ziren nor baino nor: Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra, Joseba Otaegi eta Aitzol Atutxa eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta Jon Rekondo.
Vicente eta Saralegi nagusitu ziren lehian; horiek 28 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako enbor ebakitzeko. Haien atzetik, lanak 29 minututan eta 21 segundotan bukatuta, Mugertza II.a eta Txikia IV.a sailkatu ziren. Hirugarren egin zuten Larrañagak eta Otañok (00:30:41), eta laugarren Otaegik eta Atutxak (00:31:48). Bosgarren, berriz, Arria V.a eta Rekondo sailkatu ziren (00:32:04).
Aizkora sariketaz gain, aizkolari beteranoek desafioa jokatu zuten, eta txingekin marka ahalegina egin zuen Ousamane Drame bizkaitarrak. Gainera, harri-jasotze lehia eskaini zuten Aimar Irigoien errezildarrak eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak, eta Irigoien aise nagusitu zen; izan ere, hark bi minutu eta 49 segundo behar izan zituen 125 kiloko zilindroarekin, 125 kiloko errektangularrarekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko harri borobilarekin hamarna jasoaldi egiteko. Urrak, berriz, bederatzi segundo gehiago behar izan zituen lanak bukatzeko.
Hona hemen, atzoko sariketako irudi batzuk (Irudiak: Ibon Errazu):