Zazpigarren eta zortzigarren izan dira Orio eta Zarautz, Euskadiko Traineru Txapelketan

Aiora Larrañaga 2019ko uztailaren 31

Hondarribiak irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa, bere etxean.

Gizonezkoen Euskadiko Traineru Txapelketan lehia estua izan da parte-hartzaileen artean. Zarauzko Enbatak lehen txandan jokatu du estropada Gaizka Garmendia patroiaren gidaritzapean, eta Gari Uranga entrenatzaileak trainerutik kanpo utzi du bere burua. KAE 1 ligako lider den Enbatak Eusko Label ligako Zierbena, Donostiarra eta Ondarroa izan ditu aurkari lehen saioan, eta laugarrenak izan dira zarauztarrak estropadan. Lehen txandako denborarik onena Zierbenak markatu du. 

Bigarren txandan arraunean egin du Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen txalupak, Hondarribia, Santurtzi eta Urdaibairekin batera. Dena dela, lehen txanda irabazi duen Zierbenaren erreferentzia kontutan izan dute bigarren txandako ontziek uneoro.

Hasieratik, Orio, Hondarribia eta Santurtzi pare parean ibili dira, baina bigarren luzean estropadaren buruan jarri da Hondarribia, aurkariei traineru bateko aldea aterata. Pixkanaka errenta handitzen joan da Bidasoako taldea estropadan zehar eta estropada irabazi du. Lehen txandako garaile Zierbena sailkatu da bigarren eta hirugarren izan da Santurtzi. Orio berriz, zazpigarren postuan sailkatu da.

SAILKAPENA 
1.- Hondarribia 20:15,91
2.- Zierbena 20:20,04
3.- Santurtzi 20:23,08
4.- Ondarroa 20:29,39
5.- Urdaibai 20:34,80
6.- Donostiarra 20:35,68
7.- Orio 20:44,18
8.- Zarautz 21:35,75

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide