Zarauzko eta Orioko hondartzak ere hartuko ditu dispertsioaren aurkako aldarriak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 27a

Aurten ere dispertsioaren aurkako elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat hondartzatan, Etxerat elkarteak antolatuta. Besteak beste, Zarautzen eta Orion jarri dituzte hitzorduak, abuztuaren 4an.

Etxeraten elkarretaratzea Orioko hondartzan. (Amaia Ventas)

Euskal preso eta iheslari politikoen senideen eta lagunen elkarteak, Etxerat, Euskal Herriko hainbat hondartzatara eramango du berriro dispertsioaren aurkako aldarria. Dispertsioa Stop izenpean, elkarretaratzeak antolatu dituzte abuzturako; hain zuzen, abuztuaren 4rako eta 10erako. Eguerdian izango dira mobilizazio guztiak.

"Euskal preso eta erbesteratuak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako" heldu diote egitasmoari aurten ere. Etxerateko kideek salatu dute preso zein iheslariez gain "ehunka familiek eta milaka pertsonek pairatzen" dutela "salbuespenezko espetxe politika", eta dispertsioaren ondorioak sufritzen jarraitzea "jasanezina" dela nabarmendu dute.

Geraldiak Zarautzen eta Orion

Besteak beste, Orion eta Zarautzen jarri dituzte hitzorduak abuztuaren 4rako. Hala, Orion 12:00etan elkartuko dira autopista azpian, Ondatza sarreran. Gero, Antilla hondartzara mugituko dira elkarretaratzea egiteko. Zarautzen, aldiz, Musika plazan bilduko dira 12:00etan, eta handik joango dira hondartza aldera.

Bestalde, Etxerateko kideek iragarri dute Azpeitiko Loiolan agerraldia egingo dutela abuztuaren 1ean. "Espetxe politikaren amaiera" eskatuko dute publikoki, eta politika horren inguruko txostena helarazioko diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide