Gaur hasiko dute Munduko Eskubaloi Txapelketa Goenagak eta Amilibiak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 16a

AEBen aurka jokatuko dute Munduko Eskubaloi Txapelketako lehenengo partida, gaur gauean. Zarauzko Amenabar taldeko jokalariak dira Eneko Goenaga zein Mikel Amilibia.

Ezkerretik hasita, Eneko Goenaga eta Mikel Amilibia eskubaloi jokalariak. (Aritz Mutiozabal)

Gaur hasiko da junior mailako Munduko Eskubaloi Txapelketa, Galizian, eta bertan izango dira Amenabar taldeko Eneko Goenaga zarauztarra eta Mikel Amilibia oriotarra. Espainiako eskubaloi selekzioarekin jokatuko dute biek, uztailaren 28ra bitartean. Hiru euskal herritar deitu dituzte txapelketa jokatzera; Amilibiaz eta Goenagaz gain, CD Bidasoa taldeko Mikel Zabala arituko da mundu mailako norgehiagokan.

21:00etan hasiko da txapelketa, eta AEBetako selekzioa izango dute parez pare. Lehenengo fasean, Tunez, Serbia, Japonia eta Esloveniako taldeekin ere arituko dira nor baino nor. Internet bidez ikusi ahalko dira partida guztiak, ondorengo lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide