Harri Txikien Euskadiko Txapelketa irabazi du Urrak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 15a

Erraz gailendu zen atzo, igandea, Alegian jokatutako lehian. Lau harri mota desberdin altxatu zituzten zazpi parte hartzaileek hiru minutuko txandetan, eta onena izan zen Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarra. Hirugarren egin du Aimar Irigoien errezildarrak.

Harri Txikien Euskadiko txapeldun da berriz ere Mikel Lopetegi, Urra, zarauztarra. Guztira 13.337,5 kilo jasota, erraz nagusitu zen beste sei harri-jasotzaileen artean atzo arratsaldean Alegian jokatutako txapelketan. Inhar Urruzuno gelditu zen bigarren postuan eta hark, esaterako, 12.112,5 kilo altxatu zituen.

Urrak iaz ere jantzi zuen txapela, Laukizen. 22 urterekin, Aimar Irigoien errezildarrak 2009an ezarritako marka gainditu zuen orduan, 150 kiloko aldearekin.

Harri jasotzaile bakoitzak lau harri mota altxatu zituen, bakoitzarekin hiru minutuko txandak eginez. 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko laukizuzena erabili zituzten lanerako.

Urraz gain, lehian aritu ziren eskualdeko gehiago ere: Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.a, Iñigo Eizagirre, Eiza, eta Xabat Olaizola zarauztarrak, eta Aimar Irigoien errezildarra. Gainerako lehiakideak Imanol Albizu Goikoetxe eta Inhar Urruzuno izan ziren.

Sailkapena

  • 1. Mikel Lopetegi, Urra: 13.337,5 kilo.
  • 2. Inhar Urruzuno: 12.112,5 kilo.
  • 3. Aimar Irigoien: 11.662,5 kilo.
  • 4. Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.a: 11.262,5 kilo.
  • 5. Iñigo Eizagirre, Eiza: 10.437,5 kilo.
  • 6. Xabat Olaizola: 9.362,5 kilo.
  • 7. Imanol Albizu, Goikoetxe: 3.500 kilo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide