Txanpon beraren bi aldeak dira bizitza eta heriotza; bata ezin da ulertu bestea gabe. "Heriotzak ematen dio zentzua bizitzari", Iñaki Arregi Izanen ustetan (Elgoibar, 1973). "Heriotzari aurrez aurre begiratzen dionak, hilko dela onartua duenak, bizi egingo du bizitza; besteek, iraun egingo dute". Ondo ikasia du lezioa, heriotza izan baitu irakasle bizitzaren eskolan.
Arregi halabeharrak bultzatu zuen heriotzaren inguruko lanketa egitera. Gertuko baten galerak eragindako mina arintzeko tresna bila hasi zen, dolua landu zuen, heriotzaz gogoeta egin, eta baita hura onartu ere. Bizitza ikusteko modua aldatu dio heriotza "naturaltasunez" hartzeak. "Bizitzako lehentasunak aldarazi dizkit kontzientzia hartzeak; orain badakit zer den garrantzitsua eta zer ez". Eta egunez egun bizi du bizitza. "Inork ez dezala pentsa heriotzaren zain nagoenik; alderantziz, iritsiko dela jakiteak une bakoitza gogotsuago bizitzeko indarra ematen dit".
Baina, oro har, beste jarrera bat du gaur egungo gizarteak. "Heriotza tabua da. Hilko garela badakigun arren, hilezkorrak bagina bezala bizi gara. Ez dugu heriotzaz hitz egiten, eta norbait hasten denean, beste hizketagai bat ateratzen dugu, aipatze hutsarekin erakarri egingo ote dugun beldur". Arregiren iritziz, heriotzaren inguruko beldurrak eta zalantzak areagotu besterik ez ditu egiten isiltasun horrek. "Adierazten ez ditugun arren, izan, baditugu. Eta, gero, norbait hiltzean, inork ez daki zer esan edo nola jokatu".
Heriotzaz lasai hitz egiteko espazioak sortzea beharrezkoa irudituta, Arregik eta haren lagun Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) Death Cafe saioa antolatu zuten duela hilabete batzuk, Azpeitian. Kafe baten bueltan egiten diren tertulia informalak dira, parte hartzaile kopuru mugatua daukatenak, "giro goxoa eta intimoa mantentzeko". Ez da haiek asmatutako formula bat; Bernard Crettaz soziologo suitzarrak asmatu zuen Cafe Mortel kontzeptua, 1989an, eta hark antolatu zuen lehen saioa ere, 2004an, emaztea hil eta gutxira. Jon Underwood Londreskoak garatu zuen, ordea, ideia, eta hark sortu zuen Death Cafe mugimendua. 2011n antolatu zuen lehen saioa, Londresen, haren ama Sue Barsky Reid psikologoaren laguntzarekin, eta, sare sozialei esker, laster hasi zen beste herrialde batzuetara zabaltzen. Duela bi urte hil zen Underwood, baina Death Cafe mugimenduak bizi-bizirik jarraitzen du, eta dagoeneko 65 herrialdetan baino gehiagotan antolatu dituzte heriotzaz hitz egiteko tertuliak. Euskal Herrian, duela bi urte egin zituzten lehendabizikoak, Zarautzen eta Gasteizen. Harrezkero, Gipuzkoako dozenatik gora herritan egin dute gauza bera: Donostian, Azpeitian, Zumaian, Orion, Zumarragan, Azkoitian…
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.