10 urtez mingainak eta euskara astintzen

Onintza Lete Arrieta 2019ko ekainaren 20a

Mintzalagun programak 10 urte bete ditu aurten Urola Kostan, eta gaur egingo dute ospakizun ekitaldia, Modelo aretoan. Zarauzko Mintzalagun talde bateko kideekin izan da UROLA KOSTAKO HITZA.

Euskaldunak euskararekiko askotariko harremanak izan ditu. Horietako esanguratsuenak biltzen ditu Imanole Arrizabalagaren eta Jose Antonio Perezen taldeak. Maitasun eta gorroto istorioak, nahiak eta ezinak, eta aurrera egiteko indar eta determinazioak. Badira zazpi urte elkar ezagutu zutela, eta ordutik astero-astero elkartzen dira. Ileapaintzaileak izandako bi ahizpek osatzen dute beren taldea.

Nork bere bidea eta helburuak ditu. Arrizabalaga ondarrutarra da izatez, euskaldun zaharra, eta 1978tik Zarautzen bizi da. Euskaltzalea da, kontzientziaduna, euskararekiko maitasuna etxean bizitakoa. Baita denborarekin konturatu takoa ere bere euskara badela euskara onargarria, beste guztiak bezalakoa.

Beste muturrean daude ahizpak. Zarauztarrak jaiotzez, familia euskaldunekoak, ez zuten ama hizkuntza jaso amarengandik. Antza, hura gaztetan neskame joan zen, eta oso gaizki pasa zuenez euskaraz baino ez zekielako, erabaki zuen alabei gaztelaniaz bakarrik egitea. Erretiroa hartu ondoren hasi dira euskara berreskuratzen.

Bien erdian, Perezen istorioa. Gurasoak kantabriarrak eta bizkaitarrak zituen, erdaldunak, eta umetan Zarauzko kaleetan ikasi zuen euskaraz. Zortzi urtetik 18ra arte kanpoan ikasi zuen, ordea, eta gerora hasi zen euskaltegian euskaraz ikasten. Berak jaso ez zuena ziurtatu zien, ordea, seme-alabei, eta orain harro mintzo da: pentsatu ere euskaraz egiten dutelako; alabak unibertsitate ikasketak euskaraz egin dituelako ; nahiz Portugaleten bizi den semeak borrokatu egin duelako bere umeak haurtzaindegian hezitzaile euskalduna izan dezan.

Laurak elkartzen dira astero, laurek osatzen dutelako Zarauzko Mintzalagunen taldeetako bat. Egitasmo horrek helburu zehatza du: euskaldun zaharrak eta berriak talde txikietan elkartzea, astean ordubetez, euskara praktikatu dezaten. Eta hala egin du azken hamar urteetan Arrizabalagak. Urola Kostan egitasmo hori martxan jarri zutenetik, hain zuzen. "Egunkarian irakurri nuen Mintzalagun arena. Orduantxe erretiratua nintzen, eta pentsatu nuen guk bezalakoek ez bazuten egiten, ez zuela inork egingo. Nik ez daukat titulurik, baina jaio nintzenetik euskaraz aritu naiz beti-beti". Dena den, aurrena informatu egin zen, ez zekielako nolako konpromiso maila eskatuko zioten. "Esan zidatenean astean behin ordubetez zela, animatu egin nintzen, oso pozik gainera". Hirugarren urtean ezagutu zuen Perez. Azken horrek barrez gogoratu du lehen eguna: "Esan zidaten gure taldeko euskaldun zaharra Imanole izeneko pertsona bat zela, eta nik gizon bat aurkitzea espero nuen. A zer ezustekoa!". Arrizabalagak ere barre egin du: "Elkar ezagutzen genuen bistaz, gainera". Orain konfiantza handia dute.

Astearteetan elkartu ohi dira, 17:00etan, kafea hartzeko. Hizpide, berriz, edozein gai. "Berehala igarotzen da ordubetea", azaldu du Arrizabalagak. Berritsua da, eta bere arabera, baita beste bi emakumezkoak ere. Perezek hala gaineratu du: "Ni normalean ordubete pasatakoan joan egiten naiz, eta askotan hor gelditzen dira beste hirurak. Ez dakit zertaz ariko diren, baina hor gelditzen dira!". Barre egin du ondarrutarrak. Hainbeste urte elkarrekin, konfiantza handia sortzen dela irizten diote." Kalean elkar ikusten badugu, adibidez, beti gelditzen gara hizketan", esan du Perezek.

Biak daude pozik Mintzalagun programarekin. Perezek, esaterako, nahi duena da euskaraz ulertzeko eta, batez ere, hitz egiteko gai izan. Horregatik jarraitzen du taldean, euskaltegia jada utzia duen arren. Bilobarekin, seme-alabekin eta lagunekin, saiatzen da ahal duen ororekin euskaraz egiten: "Lagunei esaten diet niri beti euskaraz egiteko. Mantso-mantso, eta batuan. Eta zerbait gaizki esaten badut, zuzentzeko esaten diet". Aditzak eta deklinabidea dira zailena beretzat, eta aitortu du gaztelaniaz ere ez dela oso iaioaa gramatikan, matematikak errazagoak zaizkiola. Baina argi du praktikatzea dela gakoa. "Astean ordubetez aritzeak ez du askorik balio gero ez bada beste inon erabiltzen", azpimarratu du. Arrizabalagak esan du, horrekin lotuta, taldeko ahizpetako bat hasi dela senarrarekin euskaraz egiten, hura euskaldun zaharra baita, eta ederki ari dela berreskuratzen euskara.

Arrizabalaga ere pozik da egitasmoarekin, hizkuntza sakonago lantzeko balio izan baitio 'bidelagun' rola hartzeak. "Saiatzen naiz taldekideei ondo hitz egiten, eta aberasgarria izan da niretzat. Poza sentitzen dut, euskara normalizatzera baldin bagoaz, hobe delako zenbat eta gehiagok ikasi eta hitz egitea". Horregatik, datorren urtean jarraitzeko asmoa du ;baita Perezek ere.

Hain zuzen, aste honetan amaitu du ikasturtea laukotearen taldeak. Modu berezian egiten dute beti, pintxo - potea eginez. Horregatik, asteartean beharrean atzo elkartu ziren. Hitzordu bereziena, ordea, gaur 19:00etan dute Modelo aretoan. Mintzalagun programaren 10.urteurrena ospatuko dute, eta parte hartzaile guzti-guztiak daude gonbidatuta ekitaldira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, omenduak ere egongo dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide