Autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du Zarauzko Udalak uztailerako

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 17a

Uztailaren 4ean eta 5ean izango dira autodefentsa feminista ikastaroko saioak, eta alor teorikoa zein praktikoa landuko dituzte bertaratzen direnek. Erasoak identifikatzen eta indarkeria nondik datorren ikasteaz gain, eguneroko bizitzan gertatzen diren erasoei aurre egiteko mekanismoak landuko dituzte.

Iaz bezala, Zarauzko Udalak autodefentsa feminista ikastaroa antolatu du uztailerako. "Erasoak identifikatzen, eta indarkeria bere arlo guztietan nondik datorren eta nola eraikitzen den" ikasiko dute bertaratzen diren emakumeek, udalaren arabera, eta horren guztiaren "ondorioak" ere landuko dituzte. Hala, "eguneroko bizitzan gertatzen diren" erasoei "erantzuna emateko mekanismoak" ere jorratuko dituzte ikastaroan, "emakumeei eguneroko bizitzan jasaten dituzten erasoen aurrean nola defendatu daitezkeen erakusteko".

Bestalde, "indarkeriaren inguruan dauden mitoak eta errealitateak" aztertzeko saiakera egingo dute, "horien ondorio indibidualak zein kolektiboak" zeintzuk diren ikusteko.

Atal teorikoa eta praktikoa

Udalak azaldu duenez, "teorikoa eta praktikoa" izango da ikastaroa, eta Maitena Monroy arduratuko da saioak bideratzeaz. Uztailaren 4ean eta 5ean egingo dute ikastaroa, 10:00etatik 14:00etara, Aritzbatalde kiroldegiko aretoan. Doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943 005 117 telefono zenbakira deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezu bat bidalita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide