Podiumean sartzea lortu dute Eulenekoek Euskadiko txirrindularitza txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 17a

Hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten Zarauzko Eulen taldeko Joseba Lopezek eta Eulen Gallegok. Bestalde, erorialdia izan zuen Andoni Azkaratek.

(Euskadiko Txirrindularitza Federazioa)

Atzo, igandea, jokatu zuten Euskadiko txirrindularitza txapelketa, Markinan (Bizkaia). 38 txirrindularik hartu zuten parte 23 urtez azpikoen lehiaketan, eta guztira 115 kilometroko ibilbidea egin zuten.

Goierriko TB-Laboral Kutxa eta Zarauzko Eulen taldekoak izan ziren nagusi atzokoan. Goierri TB-Laboral Kutxakoek lehen eta bigarren postuak lortu zituzten; Iker Ballarin (2:59:04) izan zen txapelduna, eta Unai Iribarrek (2:13 minutura) bigarren egin zuen.

Eulen taldekoek ere lortu zuten podiumean sartzea; Joseba Lopezek hirugarren postua eskuratu zuen (2:13 minutura), eta Euken Gallegok (2:16 minutura), laugarrena.

Dena den, jardunaldi gazi-gozoa izan zen Zarauzko taldekoentzat. Euleneko Andoni Azkarate arrasatearrak erorialdia izan zuen lasterketan; errepideko baranda kolpatu zuen lepoarekin. Osasun azterketak egin ditu dagoeneko, eta dirudienez, ez du ondorio larririk izango. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide