Xabier Txurrukak hartu du aginte makila berriz ere

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ekainaren 15a

Xabier Txurruka izango da beste lau urtez Zarauzko alkatea, hautetsien botoen gehiengo osoa lortuta. Hamabi boto lortu ditu Txurrukak, zortzi Itziar Muruak (EH Bildu) eta bat Ana de Benitok (Ahal Dugu EquoBerdeak).

Maiatzaren 26ko udal bozetako emaitzak mahai gainean izanik, hiru aste izan dituzte hautetsiek alkatetza baldintzatuko zuten hitzarmenak egiteko. Hala, gaur egin dute udalbatzarra osatzeko bilkura. Xabier Txurruka izango da beste lau urtez Zarauzko alkatea, hautetsien botoen gehiengo osoa lortuta. Hamabi boto lortu ditu Txurrukak, zortzi Itziar Muruak (EH Bildu) eta bat Ana de Benitok (Ahal Dugu EquoBerdeak). Hala, udalbatzako kide helduenaren eskutik, Patxi Elolaren eskutik, jaso du Txurrukak aginte makila, aretora bertaratu diren guztien txalo zaparradapean.

Txurrukaz gain, gainontzeko hogei zinegotziek ere hartu dituzte karguak gaurkoan. Hala, banaka-banaka, udal talde guztietako hautetsiek beren karguak onartu dituzte. Aurreikuspenak betez, honako 21 zinegotzi hauek osatuko dute datozen lau urteetako udalbatzarra: EAJko Xabier Txurruka, Miren Letamendia, Jexux Arana, Iratxe Zorrozua, Iban San Martin, Leire Arana, Ixidor Larrañaga, Jon Andoni Urdangarin, Iker Basurko eta Irene Urbieta; EH Bilduko Itziar Murua, Ion Arozena, Mikel Goenaga, Ainara Landa, Begoña Olaizola, Patxi Xabier Etxaburu, Jesus Maria Goikoetxea eta Eider Illarramendi; PSE-EEko Gloria Vazquez eta Patxi Elola; eta Ahal Dugu-EquoBerdeak alderdiko Ana de Benito.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide