Larunbat honetan jokatuko da Zarauzko 33. Triatloia

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ekainaren 5a

Helene Alberdi, Xabier Txurruka, Gorka Silvan eta Eneko Llanos, 33. Zarauzko Triatloiaren aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

Larunbat honetan jokatuko dute Zarauzko Triatloia; 33. edizioa izango da aurtengoa. Getariako Malkorbe hondartzan hasiko da igeriketa proba, 15:00etan irtengo dira emakumezkoak eta 15:10ean gizonezkoak. Parte hartzaileek 2,9 kilometro egingo dituzte igerian; segidan, 81 kilometroko ibilbidea osatuko dute bizikletan, eta 20 kilometro egingo dituzte korrika.

Atzo aurkeztu zuten triatloia, eta Gorka Silvan Zarauzko Triatloi Elkarteko presidenteak azaldu zuenez, Bakarra da izenpean antolatu dute aurtengo edizioa: "Zarauzko Triatloian parte hartzen duten askoren ahotan entzun izan dugu Zarauzko Triatloia bakarra dela, bizitzan behin gutxienez egin beharreko proba bat".

Izan ere, Zarautzen triatloia egiten duten unean herrian izaten den giroa nabarmendu du Silvanek: "Kirol probaz gain, festa bat ere bada". Kirol ekitaldiaren izaera "herrikoia" ere azpimarratu du, 300 boluntario inguru biltzen baititu urtero.

Bestalde, zirkuituak "paisaia eta txoko zoragarriak" barnebiltzen dituela adierazi du elkarteko presidenteak: "Aurten, gainera, bizikleta probarako kostaldeko errepidea berreskuratu dugu, eta parte hartzaileek handik egingo dute Zumaiatik Zarautzerako itzulia", adierazi du. Horretaz gain, Zarauzko Triatloia "aitzindaria" dela ekarri du gogora; 1987an izan zen lehenengo edizioa.

Zarauzko probaren beste berezitasunetako bat euskararen presentzia dela nabarmendu du Silvanek: "Euskara da Zarauzko Triatloiaren hizkuntza nagusia, eta euskararen erabilera lehenesten da".

Eskualdeko 75 triatleta
Aurtengo triatloian ere 700 parte hartzaile arituko dira nor baino nor. Horietatik 600 dortsal erabaki zituzten zozketa bidez, iazko azaroan proba jokatzeko izena eman zuten 2.800 pertsonen artean. Gainontzeko ehun dortsalak triatleta profesionalek jantziko dituzte. Horien artean badira entzute handiko izenak, besteak beste, Judith Corachan, Helene Alberdi, Anna Noguera, Emma Bilham, Dolca Olle, Ruth Brito eta Camille Deligny. Gizonezkoen artean, berriz, besteak beste, Gustavo Rodriguez, Eneko LLanos, Francesc Godoy, Timothy Van Houtem eta Joan Ruvireta izango dira.

Helene Alberdi, Xabier Txurruka, Gorka Silvan eta Eneko Llanos, aurkezpenaren une batean (Dorleta Agiriano Lai)


Oraingoan gora egin du parte hartzaile zarauztarren kopuruak; hain zuzen, 33 triatleta izango dira, Zarauzko Triatloi Elkarteko kideak tartean. Guztira, Euskal Herriko 273 triatletak hartuko dute parte proban, eta horietako 75 dira Urola Kostakoak. Espainiako estatutik kanpoko 43 parte hartzaile izango dira; besteak beste, Andorrakoak, Frantziakoak, Belgikakoak, Ingalaterrakoak edota Suitzakoak.

Orokorrean hazi egin da proba jokatzeko izena eman dutenen kopurua: 2.800 lagunek egin zuten izen-ematea, iaz baino %40 gehiago. Gainera, antolatzaileek nabarmendu dute inoiz baino emakume gehiago izango direla aurten, 90 guztira; iaz baino 32 gehiago. "Datu horren igoerak garrantzia berezia du guretzat, ilusio handia egiten digu gure triatloian gero eta emakume gehiago ikusteak", azaldu du Silvanek.

Guztira, hamar triatleta sarituko dituzte larunbatean: bost gizonezko eta bost emakumezko. 5.000 euro irabaziko dituzte triatloia azkarren osatzen duten gizonezkoak zein emakumezkoak. Bigarren postua eskuratzen duten biek 2.000na euroko saria izango dute; hirugarren egiten duten biek, 1.000na eurokoa; laugarren postua lortzen dutenek 500na eurokoa; eta bosgarren egiten dutenek,berriz, 300na eurokoa.

Egitasmo osagarriak
Larunbatean egingo dute triatloia, baina kirol proba horren harira, ostiral arratsaldetik aurrera egitasmo osagarriak izango dira Zarautzen. Esaterako, triatloian espezializatutako enpresek azoka jarriko dute Zinema pilotalekuan. Ostiral arratsaldean izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean ere izango da bertaratzeko aukera. Larunbat arratsaldean, berriz, Lege Zaharren Enparantzara lekualdatuko dute azoka, han izango baita helmuga.

Triatleta profesionalek solasaldia egingo dute ostiralean, 20:30ean Antonianon. Eta, urtero bezala, triatleten afaria antolatu dute larunbaterako, 21:30ean, Zinema pilotalekuan.

Dena den, egitaraua ez da larunbatean amaituko: igandean, 11:00etan hasita, Triatloi Txikia egingo dute gazteenek. Itsas pasealekuan izango da, eta benjaminek, kimuek, infantilek zein kadeteek izango dute parte hartzeko aukera.

Zirkulazioan eragingo du triatloiak

Triatloiaren harira, larunbatean zirkulazioan aldaketak egongo dira Zarautzen eta Orion. Zarautzen lehenengo mozketa San Inazio kalean eta Meagako errepidean izango da, bi norabideetan, 15:30etik 18:35era. Izan ere, ordu horretan, bizikleta probako lehen zirkuitua osatuko dute triatletek, Oikia eta Aizarnazabal inguruan, hain zuzen.

17:00etatik 19:35era, aldiz, Nafarroa kale osoa itxiko dute. Hala, Mendilauta, Zumalakarregi, Zinkunegi, Lizardi, Etxepare, Axular, Lauaxeta, Orixe, Don Leandro, Mandabide, Aresti, Ixpilla eta Mollarri kaleetako egoiliarrek ere itxita izango dituzte sarrera errepideak, Nafarroa kaletik.

Gipuzkoa kalean izango da mozketa luzeena, 17:30etik 22:00etara. Zehazki, Seitximeneta eta San Frantzisko kaleen artean eta Zinkunegi eta Nafarroa kaleko surtidorearen artean itxiko dute errepidea. Parte hartzaileek bizikletaren probako azken itzulia egingo dute denbora tarte horretan, eta jarraian, oinezko lasterketa probarekin hasiko dira. 6,0 kilometroko ibilbidea osatuko dute Zarauzko kaleetan barrena. Beraz, dagoeneko aipatutako kaleez gain, Zigordia kalea ere moztu egingo dute, 17:30etik 21:00etara.

Bestalde, Zarauzko Triatloi Elkarteko kideek azaldu dutenez, ibilgailuak zehaztutako kaleetan aparkatuta dituzten herritarrek ezingo dituzte ibilgailuak bertatik mugitu triatloiak irauten duen bitartean. Hala, kale horietan kokatutako garajeetatik ere ezingo dituzte ibilgailuak atera; ezta sartu ere. Garraio publikoa erabiltzeko dei egin dute.

Oriori ere eragingo dio kirol probak: N-634 errepidea itxita egongo da Zarauztik Oriorako norabidean, 17:00 eta 18:45 bitartean. GI-3161 errepidea ere itxita egongo da Ubegun Industrialgunetik Lokate baserriraino, 17:10 eta 19:00 bitartean. GI-3710 errepidea itxita egongo Lokate baserri paretik Oriorako norabidean, 17:15 eta 19:15 bitartean. Azkenik, Txurrukako bidea itxita egongo da, bi norabideetan, 17:30 eta 19:45 bitartean.

Eragozpenak ahalik eta txikienak izateko, antolatzaileek honako neurriak hartuko dituzte:

Zarauztik Oriora joateko

  • 17:00etatik 18:45era: Autopistaz joan beharko da Aritzetako norabide-aldaketaraino, eta handik buelta Orioko ordaintokian irteteko. Zarautzen boluntarioak egongo dira horren berri emaneteko eta autopistako tiketak banatuko dituzte.

Aiatik Oriora joateko

  • 17:15etik 19:15era: Arrutiegia auzotik barrena etorri beharko da (Errota jatetxera eramaten duen bidetik). Errotatik Ubegun Industrialderaino lasterketako boluntarioak eta seinaleztapena egongo dira, trafikoa behar bezala bideratzeko.

Andatzatik edo Santiotik Oriora joateko

  • 17:30etik 19:30era: bi auzo horietatik ezin izango da Oriora zuzenean etorri. Aukera: Aiara igo eta hortik Arrutiegia auzotik eta Errotatik barrena etorri.

Oriotik Aia aldera joateko

  • Santio eta Andatzatik barrena, uneoro. Tren-geltokiko errotondan Ertzaintza egongo da trafikoa bideratzen.
  • Zudugarai gainetik eta Laurgainetik barrena, uneoro.
  • Altxerri eta Errota aldera ezingo da pasatu, 17:10 eta 19:00ak bitartean

Oriotik Zarautz aldera joateko

  • N-634 errepidetik, uneoro. Tren-geltokiko errotondan Ertzaintza egongo da trafikoa bideratzen.

Larrialdiak

Anbulantziek zein suhiltzaileek lasterketako ibilbidean sartu ahal izango dute, hala behar izanez gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide